AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Getty Images
2024/05/17 12:30

Bonngo Gatazken Ikerketarako Nazioarteko Zentroa 1990ean hasi zen munduko estatuen militarizazio-indizea neurtzen. 1992az geroztik, Isarelgo Estatua beti egon izan da lehenengo postuan. Eskualderen bateko gerren ondorioz estaturen bat behin-behinean eta era azkarrean militarizatu denean gertatu dira salbuespen bakarrak, hala nola Eritrea edo, berriki, Ukraina.

Alabaina, sionistak dira, armagintza astunari eta plantilla militarrari dagokienez, gainontzeko herrialdeekiko gailentzen direnak; alde nabarmenarekin, gainera. Ez da harritzekoa, beraz, munduko estatu militarizatuenak armagintza hori guztia erabiltzea, eta 2023ko urriaren 7tik hona palestinarren aurka egin duen sarraskia adibide ezin hobea da.

35 urtetako hildako kopurua, 220 egunean hirukoiztu

B'Tselem Israelgo Giza Eskubideen Informazio Zentroaren arabera, 11.600 palestinar erail zituzten indar sionistek 1988tik 2023ko udazkenera bitartean, Gazako hiru gerretan eta bi Intifadetan. Euro-Med Human Rights Monitor erakundearen esanetan, urriaren 7tik maiatzaren 13ra bitartean, hori guztia baino 43.640 palestinar gehiago hil dituzte sionistek. Hau da, Israelgo Estatu terroristak 35 urtean erail dituen palestinarren kopurua hirukoiztu baino gehiago egin du 220 egunean soilik.

11.600 palestinar erail zituzten indar sionistek 1988tik 2023ko udazkenera bitartean [...]. Urriaren 7tik maiatzaren 13ra bitartean, hori guztia baino 43.640 palestinar gehiago hil dituzte [...]. 15.971 adingabeak dira

Hildako horietatik guztietatik, 15.971 adingabeak dira. Badira eraildakoen artean 141 kazetari, defentsa zibileko (suhiltzaileak, adibidez) 45 langile eta medikuntza-arloko 371 langile ere. Zaurituak 81.560 izan dira, horietatik 560 medikuntzako langileak eta beste 169, berriz, defentsa zibileko langileak. Horrez gain, 2 milioi palestinar lekualdatuarazi dituzte indarrez, eta beste 3.140 atxilotu edo bortxaz desagerrarazi dituzte, iazko urriko oldarraldia hasi zenetik.

136.700 dira indar sionistek erabat suntsitu dituzten etxebizitzak eta beste 298.700 kalte larriak jasan dituztenak

Genozidio batek, baina, ez dakar soilik lurralde bateko biztanleen erailketa; euren bizitza aurrera eramateko beharrezkoak zaizkien bitarteko guztien suntsipena ere behar du. Hala, 136.700 dira indar sionistek erabat suntsitu dituzten etxebizitzak eta beste 298.700 kalte larriak jasan dituztenak. Gainontzeko kalte materialei dagokienez, 179 kazetaritza-zentro, 459 ikastetxe, 2.340 industria-gune, 667 meskita, hiru eliza eta 203 hondare-aztarnategi suntsitu edo larriki kaltetu dituzte sionistek. Osasun-arloko azpiegituren aurkako erasoa ere odoltsua ari da izaten: 29 ospitale, 76 klinika eta 227 anbulantzia suntsitu dituzte dagoeneko.

Palestinar herria, sakabanatuta

7,3 milioi palestinar eta 7,2 milioi kolono sionista bizi dira Palestinako lurralde historikoan gaur egun. Palestinarrei dagokienez, 5,55 milioi dira palestinar administraziopeko lurretan bizi direnak, hau da, Gazako Zerrendan edo Zisjordaniako gune jakin batzuetan. Beste 1,75 milioi palestinar, berriz, 1948an okupaturiko lurretan bizi dira; sionistek Israel izendatu zuten kolonian, alegia. Beste 6,56 milioi palestinar inguruko arabiar herrialdeetan bizi dira, eta gainontzeko 772.000ak munduan zehar daude sakabanatuta, erbeste urrunean.

6,56 milioi palestinar inguruko arabiar herrialdeetan bizi dira, eta gainontzeko 772.000ak munduan zehar daude sakabanatuta
EZ DAGO IRUZKINIK