Israelgo indarrak, besteak beste Amerikako Estatu Batuen erabateko babesarekin, sekulako sarraskia ari dira egiten palestinarren kontra. Urriaren 7tik hona, Gazan soilik, 17.000 palestinar baino gehiago erail dituzte sionistek, bonba bidez batez ere. Genozidio horretan, Israelek behin eta berriz erakutsi nahi izan du garaipen militarra izaten ari dela: duela egun gutxi atera da argitara, esaterako, soldadu sionistek nola behartzen zuten palestinar talde bat, biluzik, amore emate bat antzeztera.
Erabateko sarraskiari aurre egiten jarraitzen du palestinar erresistentzia armatuak, eta Israelek berak aitortu du armada sionistari "inoiz" ez zaiola "antzeko zerbait gertatu". Azken bi hilabeteetan, palestinarrekin izan diren talka armatuetan, gutxienez 93 militar sionista hil dira. Israelek onartu du, bestalde, 5.000 soldadu baino gehiago zauritu direla borroka horietan, eta larriki zauritu direla horietatik %58. Itxura denez, jada 2.000 militar israeldarri baietsi diete desgaitasuna.
Amerikako Estatu Batuek, dena den, berriz eman diete babes osoa sionistei, Nazio Batuen azkeneko Segurtasun Batzordean. Sostengu horrekin, palestinarrak gupidarik gabe erailtzen eta kanporatzen jarraitzen dute indar israeldarrek, eta Gazako Zerrendako iparraldean ez ezik, hegoaldean ere areagotu dituzte eraso militarrak.
Urriaren 7an palestinar erresistentziak kontraerasora jo eta sionistek eraso masiboei ekin zietenetik, gutxienez 1,5 milioi gazatarrek utzi behar izan dituzte euren etxeak eta lurrak: Zerrendako iparraldetik hegoaldera mugitu dira gehienak. Urriaren amaieran filtratu zen Israelgo inteligentzia-zerbitzuen dokumentu bat, eta bertan ageri da sionistek izan dezaketen berehalako plana: Gazako palestinarrak euren lurretatik botatzea eta Egiptoko Sinai
eskualdera kanporatzea, Israelen okupazio-asmoekin jarraitzeko. Aurtengo urriaren 13an idatzitakoa da dokumentu hori.