AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / TeleSur
2023/02/27 12:40

Gaur egun Israelgo Gobernua osatzen duten koalizio-indarrek atariko onarpena eman diote palestinarren kontrako neurri berri bati. Judu Boterea alderdi ultraeskuindarrak bultzatuta, "terrorismoa" leporatu dieten palestinarrei heriotza-zigorra jarri ahal izatea baimendu nahi du gobernuak. Hortaz, neurri berriaren arabera, israeldarren kontrako ekintzaren bat egiten duten palestinarrak legez erail ahalko dituzte Israelgo autoritateek. Oraingoz esku artean duten testuaren arabera, zehazki, "arrazoi arrazistengatik edo gorrotozko arrazoiengatik" eta "Israelgo Estatua kaltetzeko asmoz" israeldarren kontrako "ekintza hilgarriak" egiten dituzten palestinarrak legez hil ahalko ditu Israelek. 60 urte dira Israelek ez duela heriotza-zigor ofizialik ezartzen.

Bi hilabete ere ez dira igaro 2023. urtea hasi zenetik, eta Israelgo indarrek, dagoeneko, 62 palestinar zibil nahiz militante erail dituzte. Horietatik 11 aurreko astean hil zituzten Zisjordanian, Israelgo Armadak egindako sarekada batean. Palestinar militanteek egindako ekintzetan, berriz hamahiru israeldar hil dituzte aurten. Horietatik bi atzo hil zituen tiroz palestinar batek, Zisjordanian.

Iaz ere ofentsiba bete-betean izan ziren Israelgo indarrak Palestinako lur okupatuetan. 2022an, Israelek gutxienez 150 palestinar erail zituen Zisjordanian eta Jerusalemen, 2021ean hildakoen bikoitza. Palestinarrek 31 israeldar hil zituzten 2022an.

"Izuari ematen diogun erantzuna indartsua izango da, eta gure sustraiak sakonduko ditugu gure lurrean", adierazi du berriki Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Aurrera jarraitzen dute, bitartean, ustez israeldarren kontrako ekintzetan parte hartu duten palestinarrak atxilotzeko sarekada hilgarriek. Ohikoa da Israelgo indarrak lur okupatuetara indarrez sartzea eta, ustezko "terrorista" horiek atzemateko sarekadetan, hainbat eta hainbat palestinar erailtzea.

Israeldarren aurkako ekintzen ustezko erantzuleak modu kolektiboan zigortzea ere ohikoa da. Zehazki, palestinar horien etxebizitzak eraitsi ohi dituzte Israelgo indarrek.

Goi-bilera, atzo

Atzo Jordanian bildu ziren Israelgo, Palestinako Agintaritzako, Amerikako Estatu Batuetako, Egiptoko nahiz Jordaniako hainbat ordezkari, "lankidetza-akordioak" aztertzeko. Palestinako lurretan kokaleku berriak ezartzeari uko egin zion ustez Israelek, baina aurrera doa lur horietan bederatzi kokaleku militar egonkortzeko eta 9.500 etxebizitza eraikitzeko planarekin. Teorian, "tentsioa areagotu" dezaketen neurririk ez hartzeko konpromisoa hartu dute Israelek nahiz Palestinako Agintaritzak.

EZ DAGO IRUZKINIK