Gazako Zerrendako "su-etenerako" akordioa sistematikoki urratzen jarraitzen du Israelek: 2025eko urriaren 10ean sartu zen indarrean ituna, eta ordutik, gutxienez 2.073 urraketa egin ditu estatu sionistak. Gobernuak Gazan duen Hedabide Bulegoak emandako eta Al Jazeera-k bildutako datuen arabera, gutxienez 736 palestinar erail eta 2.035 zauritu dituzte sei hilabete eskasean eraso horietan. Txostenak zehazten duenez, 180 egun igaro dira teorian "etsaitasunak amaitu" zirenetik, eta egun horietatik 160tan Gazako Zerrendan erasoak egin ditu Israelek. 22 egun bakarrik izan dira indarkeriarik erregistratu ez dutenak.
Operazio militarretan 973 bonbardaketa eta artilleria-eraso sartu dira, baita gizarte zibilaren aurkako tiroketa zuzenei lotutako 750 gertakari eta "lerro horia" deiturikoaz haratago bizilekuetan egindako 87 sarraldi ere. Gainera, okupazio-indarrek 263 aldiz eraitsi dituzte palestinarren jabetza pribatuak eta 50 pertsona bahitu dituzte. Egunik odoltsuenen artean iazko urriaren 29a nabarmentzen da, Israelek 109 pertsona hil baitzituen orduan, 52 ume barne. Donald Trump AEBetako presidenteak esan zuen soldadu israeldar baten heriotzagatik emandako "ordainsaria" izan zela hura.
Laguntza humanitarioaren esparruan, Israelek blokeo selektibo bat mantentzen du, eta biztanleria itotzen jarraitzen du. "Su-etenerako" akordioak adosten bazuen ere hornidurak erabat sartu ahal izango zirela Gazara, 94.800 kamioietatik 38.358 baino ez dira sartu; hau da, esleitutako kupoaren %40 baino ez. Hedabideen Bulegoaren esanetan, okupazio-agintaritzek nahita blokeatzen dituzte funtsezko elikagaiak, hala nola haragia, esnekiak eta barazkiak, eta elikagarriak ez diren produktuak (txokolatea, patata frijituak eta freskagarriak) pasatzen bakarrik uzten dute. Horrek areagotu egiten du setiatutako eremuko elikadura-krisia.
Erresistentzia palestinarrak hitzemandakoa bete zuen, eta bizirik jarraitzen zuten 20 gatibuak eta beste 28ren gorpuak entregatu zituen abenduan. Bitartean, Israelen erantzunak egiturazko biolentziak markatuta jarraitu du. Palestinarren 300 gorpu baino gehiago itzuli ditu, eta horietako askok tortura eta mutilazio zantzuak dituzte. 2023ko urrian eraso genozida hasi zenetik 2026ko apirilera arte, Gazan 72.315 pertsona erail dituzte indar sionistek (tartean 20.179 haur), eta horrek agerian uzten du egungo "su-etenak" ez duela inola ere geldiarazi sarraski-politika.
Indarkeria ez da Gazako Zerrendara mugatzen, gainera. Zisjordanian, Israelgo indarrek eta kolono ilegalek erasoak areagotu dituzte. 2023ko urritik 2026ko apirilera arte, 1.080 palestinar baino gehiago (tartean 230 haur baino gehiago) hil dituzte Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean. 2026an, okupazio-agintaritzek eta legez kanpoko kolonoek dozenaka palestinar erail dituzte, 260 baino gehiago zauritu dituzte kolonoen erasoetan, eta ia 1.700 palestinar euren komunitateetatik bota dituzte. Eguneroko erasoak, eraispenak eta blokeoak barne hartzen dituen gorakada honek agerian uzten du okupatutako lurralde palestinar osoan dirauen hedapen kolonialaren eta kontrolaren politika, Washingtonen babes esplizituarekin eta Europaren isileko konplizitatearekin.