Erresistentzia palestinarrak okupatzaile sionistari ustekabean kontraeraso egin eta lau egunera, hildakoak eta zaurituak milaka dira dagoeneko. Urriaren 10ean, goizean, sionistek 3.500 baja aitortu zituzten iturri ofizialetan: 1.000 hildako eta 2.500 zauritu. Borroka hasi eta egun gutxira, Israelgo Estatuak 1973ko Yom Kippur gerraz geroztik ordaindu duen preziorik altuena izaten ari da, izan ere, erregimen sionistak palestinarrek baino odol gehiago isurtzen duen lehen aldia da Palestina askatzeko borrokaren historia osoan. Hala ere, oraingoz, 1.000 palestinar baino gehiago hil dituzte azken egunetako bonbardaketetan, Gazan soilik.
900 palestinar baino gehiago hil dituzte azken egunetako bonbardaketetan
Okupazio sionistak Palestina historikoan utzi dituen heriotzak aztertuz gero, ikus daiteke 1987ko abenduan hasi zen Lehen Intifadatik aurtengo irailera arte hildakoen %87 palestinarrak izan direla. B'Tselem gobernuz kanpoko erakunde israeldarrak bildutako datuak dira, eta 11.652 hildako palestinar zenbatzen ditu guztira. Horri gehitu beharko litzaizkioke joan diren egunetako eta hurrengoetako odoluste guztiak. Okupatzaileek, berriz, 1.766 pertsona galdu dituzte azken hamarkada horietan.
1948an Israel erakunde sionista sortu zenetik, dozenaka milaka pertsona hil dira Palestina historikoan; lurraldea kontrolatzeko asmoz israeldarren kasuan, eta hori berreskuratzeko borrokan palestinarren aldean. Bereziki, eta datuek erakusten duten moduan, Israelen eskuetan erori dira zibil eta borrokalari gehienak. Okupazioak nazioarteko arau guztiak eta joan den mendean zehar sinatu diren akordioak hautsi arren, ez Nazio Batuek ez potentzia kapitalista nagusiek ez dute okupatzaile sionista geldiarazteko borondate politikorik izan. Beraz, palestinarrek beren kabuz defendatu behar izan dute beren burua, eta larrutik ordaindu dute; musulmanak, kristauak, laikoak edo ezkertiarrak izan.1987ko abenduan hasi zen Lehen Intifadatik aurtengo irailera arte [...] 11.652 hildako palestinar zenbatzen ditu guztira. [...]Â Okupatzaileek, berriz, 1.766 pertsona galdu dituzte azken hamarkada horietan
Azken 40 urteetako biolentzia mailarik handienak Bigarren Intifadaren sasoikoak dira (2000-2005), 2.664 hildako palestinarrekin. Gero, beste lau talka handi izan ziren: 2008-2009an, 2012an, 2014an eta 2021ean. Oraingoan bezala, Gazako Zerrenda bereziki kolpatua izan da gehienetan, egunerokoan jasaten duen blokeo militar zorrotzaz gain. Orduan, bereizi gabeko bonbardaketak ez ezik, uraren, energiaren, elikagaien zein botiken mozketak ere izaten dira bertan; biztanleriaren erdia haurrak diren lurralde batean.
2008tik hona
Okupazioaren ondorioz azken hamabost urteetan hil diren 6.400 palestinarretatik %84 Gazako Zerrendakoak ziren, NBEren datuen arabera. Eta kopuru horretatik, erdia baino gehiago zibilak ziren, ehunka haur eta adineko barne. Indarren korrelazioan dagoen arrakala erraldoia are lazgarriagoa da 2008tik izan diren zaurituen kopuruari erreparatuz gero: 158.000 kaltetuetatik 152.000 baino gehiago palestinarrak dira. Denbora-tartea are gehiago estutzen badugu, NBEk dio, 2008 eta 2021 artean, 5.739 palestinar hil eta 121.438 zauritu zituztela. Hildako sionistak 251 baino ez ziren izan.
2008tik izan diren zaurituen kopuruari erreparatuz gero: 158.000 kaltetuetatik 152.000 baino gehiago palestinarrak dira
Eraildako palestinarren artean, %22 haurrak izan ziren. Baja sionisten barruan, %48 Israelgo segurtasun-indarretako soldaduak ziren, eta beste %39 "zibil kolonoak", hau da, beren borondatez berriki okupatutako kokaguneetan bizitzea erabaki duten pertsonak. Kokaleku horiek Israelek 1967an Sei Eguneko Gerran okupatu zituen lurraldeetan daude: Zisjordanian, Jerusalem ekialdean eta Gazako Zerrendako aldirietan. Israelgo Estatuak ekonomikoki zein juridikoki saritu egiten ditu palestinarren aurkako erasoak, gisa askotariko basakeriak egiteagatik.
Baja sionisten barruan, %48 Israelgo segurtasun-indarretako soldaduak ziren, eta beste %39 "zibil kolonoak"
Gazako kontzentrazio-esparrua
Azken egunetakoa Israelen eta palestinarren arteko eskala handiko bosgarren gerra da hamabost urte eskasean. 2005eko gerraz geroztik, Gazako Zerrendan 2,2 milioi biztanle bizi dira pilatuta (5.500 biztanle kilometro karratuko), Palestinako erresistentziaren kontrolpean. Ondorioz, Israelgo Estatuaren erabateko blokeoa jasaten ari dira milioika lagun horiek.
AIDA (Association of International Development Agencies) eta OCHA erakundeek lurralde horri buruzko datu beldurgarriak biltzen dituzte, Gazari "munduko eremu irekiko espetxerik handiena" zergatik deitzen zaion ulertzen lagun dezaketenak: 12 eta 16 ordu arteko elektrizitate-etenak daude bertan, etxeen %80k laguntza humanitarioa jasotzen dute, biztanleriaren %81 pobrezia egoeran dago, %47k ez dute nahikoa janari, uraren %97 ez da edangarria, langabezia tasa %47koa da, berreraikuntzarako behar duten zementuaren %44,4 baino ez zaie iristen, laguntza humanitarioaren %44 blokeatzen diete, aireportua suntsituta dago Israelek 2001ean bonbardatu zuenetik, arrantza ere mugatzen diete, eta abar.
Gazan, 12 eta 16 ordu arteko elektrizitate-etenak daude bertan, etxeen %80k laguntza humanitarioa jasotzen dute, biztanleriaren %81 pobrezia egoeran dago, %47k ez dute nahikoa janari, uraren %97 ez da edangarria, langabezia tasa %47koa da, berreraikuntzarako behar duten zementuaren %44,4 baino ez zaie iristen, laguntza humanitarioaren %44 blokeatzen diete [...]