34 urteko gizon bat eta 30 urteko emakume bat atxilotu dituzte, hainbat emakumeri iruzur egiteagatik eta haiek esplotatzeagatik. Venezuelakoak dira neskak, eta iruzur egin zien atxilotutako bikoteak: futbolari profesional gisa lan egingo zutela agindu zieten, Euskal Herrira etor zitezen. Hilean 1.000 euroko soldatak hitzemanda, hegazkin-txartelak erosi zizkieten.
Behin Euskal Herrira mugituta, baina, iruzurgileek Portugaleteko (Bizkaia) bi tabernatan lan egitera behartu zituzten emakume gazteak, baldintza penagarrietan. Lan-kontraturik gabe jardutera derrigortu zituzten, eta esplotatutako emakumeetatik lauk salaketa jarri zutenean, jakinarazi zuten hilabeteak zeramatzatela ezertxo ere kobratu gabe.
Beste esplotazio kasu bat Getxon
Hilabete honetan bertan atera da argitara Getxoko (Bizkaia) taberna batean gertatutakoa: hainbat emakume migrante esplotatu dituzte, asteko zazpi egunetan eta hamar orduko lanaldiekin aritzera behartuz. 800 eurora ere ez ziren heltzen soldatak. Gainera, tabernaren jabeak sexu-erasoak ere egin dizkie esplotatutako emakumeei.