AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Irungoa zen bikotekide ohiak Zaragozan eraildako emakumea
Gizonezko batek aurreko larunbatean erail zuen 49 urteko andrea: bere lantegiraino joan eta tiro egin zuen bere kontra.
2026eko martxoaren 26 - 09:16
Irungoa zen bikotekide ohiak Zaragozan eraildako emakumea

Aurreko asteburuan, erailketa matxista baten berri eman zuten Zaragozan. Larunbat goizean, hain zuzen ere, emakume bat tiroz hil zuen bere bikotekide ohiak, eta bere buruaz beste egin zuen gero. Berria-k jakinarazi duenez, jatorriz Irungo (Gipuzkoa) Behobia auzokoa zen biktima, eta 49 urte zituen. 

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren arabera, emakumearen lantokiraino joan zen hiltzailea, eta bertan egin zuen tiro bere kontra, kalean. Bi umeren ama ere bazen andrea.

Urtea hasi zenetik, Euskal Herriko bi emakume erail dituzte jada indarkeria matxista tarteko. Zaragozako hilketaren aurretik, otsailaren amaieran, Sarrigurenen (Iruñerria, Nafarroa) erail zuen emakume bat bere bikotekideak. 34 sastakadaz hil zuen.