Iruñerrian, deialdi indartsu bat egin zuen Ikasle Abertzaleak antolakundeak atzo gauerako: Palestinaren askatasunaren alde, ikastetxeetan itxialdiak egitera deitu zuen. Hala, ehunka ikaslek egin zuten bat ekimenarekin, eta zazpi ikastetxetan egin dituzte itxialdiak bart; hain zuzen ere, Biurdanan, Iturraman, Askatasunan, Eunaten, Mendillorrin, Alaitzen eta Sarrigurenen.
Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko, palestinar erresistentziari babesa adierazteko eta estatu sionistaren kontra hartu dituzte ikastetxeak ia 500 gaztek. Arratsaldean elkartu ziren ikastetxez ikastetxe: propaganda-lanak, asanbladak, proiekzioak eta bestelako emanaldiak egin zituzten ordutik, eta eskoletan igaro zuten gaua gero, protesta gisa.
Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren adierazpenak
Atzo, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak zirkular "urgente" bat bidali zien Nafarroako ikastetxeei, IAk antolatutako itxialdien harira. Hain justu, seinalatu eta kriminalizatu egin zuen ikasleen ekimen politikoa: "Gazako gerrari lotuta ikasleek, irakasleek eta familiek gau honetarako deitutako itxialdiek ez dute tokirik baimendu daitekeen jarduera gisa, ez baitira hezkuntza-, gizarte-, kultura- edo kirol-jarduerak".
Carlos Gimeno (PSOE) buru duen departamentuaren esanetan, hezkuntza-azpiegituren erabilerari buruzko dekretuak muga bat jartzen du, eta "hezkuntza-, gizarte-, kultura- edo kirol-jarduerak" baino ezin dira horietan egin. Zirkularrak ez zuen zehazten zergatik ez diren horren barruan sartzen ikasleen protesta-itxialdiak.
Bestalde, mehatxu bat ere egin zuen departamentuak, igorritako idatzian: gogorarazi zuen ikastetxe bakoitzeko zuzendariaren eskumena dela jarduerak baimentzea edo debekatzea, eta, beraz, euren ardura dela erabaki horien ondorio oro.
Sionisten eta genozidioaren babes
Dekretuei eta araudiei buruzko zurrunbiloak aparte utzita, baina, Nafarroako Departamentuak posizio argi bat hartu zuen zirkularraren bidez, IAk deitutako itxialdien zentzu politikoa jopuntuan jarrita. Sailak bere "gaitzespenik irmoena" erakutsi zuen IAren deialdiaren kontra, nabarmenduta "herrialde bat, Israel, desagertzeko helburu esplizituaren pean" zihoazela ikasleen aldarrikapenak. Estatu sionistak "Gazan duen jardunak merezi dezakeen gaitzespen morala alde batera utzi" nahi izan zuen departamentuak.
Ironikoa badirudi ere, adierazpen idatzi berdinean, "palestinar biztanleriaren sufrimenduak amaitu" egin behar duela diote departamentuko buruek, eta "errespetatu" egingo dutela Gazako gertaerak "salatzeko joera duen edozein gizarte-adierazpen".
Salaketa hori modu hipokritan mugatzen du gero departamentuak, ordea: "Edozein hezkuntza-sistemaren helburu ukaezinetako bat ikasleak eta gizarte osoa giza-eskubideen errespetuarekin lotzea izan behar da, eta, zehazki, Gazan errespetatzen ari ez den oinarrizko giza-eskubidearekin; bizitzeko eskubidearekin. Hala ere, herrialde oso bat erabat suntsitzeko eskatzeak, berekin dakarrenarekin, helburu hori errotik ukatzea dakar, eta ezein hezkuntza-erakundek onartu ezin duen aberrazioa da".