AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/22 08:48

Igandean izan zen Aberri Eguna Euskal Herrian, eta EH Bilduk Iruñean (Nafarroa) izan zituen ospakizun-ekimenak. Alderdikideak festan eta ospakizun betean zeuden bitartean, baina, bost pertsona etxegabetu zituzten hirian bertan, modu guztiz irregularrean. Izan ere, EH Bildu buru duen udalak bost lagun etxegabetu zituen igandean Zabalgunean, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez.

Udaltzainek gauzatu zuten polizia-operazioa, inolako agindu judizialik gabe eta, beraz, legez kanpo. Etxegabetutako pertsonak udal-jabetzako etxebizitza batzuetan bizi ziren. Zabalguneko merkatuan daude pisuak, eta urteak zeramatzaten hutsik; hala, duela astebete inguru okupatu zituzten horiek hainbat pertsonak, bertan bizi ahal izateko.

Udaltzaingoa bertaratzean, Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin harremanetan jarri ziren kanporatuak izaten ari ziren pertsonak. Bai haiek bai sindikatuko kideek behin eta berriz errepikatu zieten poliziei legez kontrako etxe-kaleratze bat izaten ari zela, ez zutelako agindu judizialik, baina aurrera egin zuten haiek, indarrez bost lagun kalean utziz.

Bitartean, EH Bilduk gobernatutako udalarekin kontaktatzen saiatu zen Etxebizitza Sindikatu Sozialista: udal-ordezkariei telefonoz eman zien egoeraren berri, baina erantzunik jaso gabe.

Mehatxuak eta desokupazio-taldeen jardunbidea, udaltzaingoaren partetik

Desalojoan zehar udaltzainek "etxegabetutako pertsonen aurka egindako mehatxu etengabeak" salatu ditu sindikatuak. Horretaz gain, udaltzainen "jardunbide irregularra" seinalatu du, "2023ko azaroan Jarauta kaleko bloke okupatuan ikusi genuenaren antzekoa, zeinetan agindu judizialik gabe hainbat etxebizitza hustu zituzten", sarbide-kontrol bat ezarrita.

"Udala da horren erantzule zuzena", azaldu du sindikatuak: "Ustez legeriaren defendatzaile izan beharko liratekeen horiek, haien legeak urratzen dituzte beharrezko ikusten dutenean, prozedura judizialik gabeko etxegabetzeak gauzatuz, nahi dutenean". Eta xehatu duenez, gainera, kasu honetan, hustutako etxeak "beste hainbat urtez hutsik mantenduko dituztela aurreikus dezakegu, etxebizitza-eredu merkantilistak agintzen duen moduan".

Erantzuleen hitzik ez

"Etxegabetze ilegal horien arduradun politikoek azalpenak eman ditzatela", exijitu du sindikatuak, Joxe Abaurrea Hirigintza zinegotziari eta Endika Alonso Segurtasun zinegotziari erreferentzia eginez batez ere. "Etxegabetze horiek gauzatzeko erabakia Iruñeko Udaltzaingoko bururen batek hartu bazuen edo erabaki politiko bat izan bazen, horretarako arrazoiak justifikatu beharko lituzkete", gaineratu du.

EZ DAGO IRUZKINIK