AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/08/29 14:56

2018ko abuztuan hustu zuten Maravillas Gaztetxea Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharrean, Nafarroako Gobernuan "aldaketaren gobernua" deiturikoa zegoenean; alegia, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra. Rozalejoko Markesaren jauregian zegoen kokatuta Maravillas. Gaur egun hainbat lan daude martxan bertan, tartean, Nafarroako Memoria Institutua eta hainbat etxebizitza eraikitzeko lanak.

Gobernuak finantzatuta ari dira obrak egiten, eta Muriba Eraikuntza da tartean dagoen enpresetako bat. Enpresa horrentzat lanean ari diren beharginek salatu dute, dena den, hilabeteak daramatzatela kobratu gabe: Muriba Eraikuntzak ez die Rozalejo Jauregian egindako lana ordaintzen, gobernuaren finantziazio publikoa jaso arren.

Gobernuko hainbat kidek jauregia bisitatu behar zutela probestuta, Muriba Eraikuntzako langileek protesta bat egin dute gaur, Rozalejoko Markesaren jauregi aurrean, aldarri nagusi batekin: "Kobratu nahi dugu". Langileek salatu dute, gainera, haiek jazarri, manipulatu eta beldurtu nahian ari dela enpresako zuzendaritza, euren lanpostuak utz ditzaten eta, modu horretan, zor dien dirua ahanzturan gera dadin.

Horretarako mekanismotzat jo dute, adibidez, enpresak beharginen artean zabaldu nahi izan duen zurrumurru bat. "Enpresaren ordezkariak lanpostuetatik igaro ziren, ofizialki jakinarazi ez den hartzekodunen konkurtso baten berri emanez", azaldu du LAB sindikatuak.

EZ DAGO IRUZKINIK