San Fermin jaietan Kalixto taberna irekiko du Mugimendu Sozialistak Iruñean (Nafarroa), eta gaur goitik behera miatu du lokala Espainiako Poliziak. Drogen aurkako kontrol bat zela esanez, polizia-agente ugari bertaratu dira iluntzean, 20:45ak aldera; dirudienez, Informazio Brigadako agenteak ziren. Drogak zein substantzia kimikoak atzemateko miaketa bat zela esan diete barruan auzolanean ari ziren pertsonei.
Taberna miatzeaz gain, baina, barruan zeuden pertsonen gauzak ere arakatu dituzte; besteak beste, haien motxilak. Argazkiak atera dizkiete, besteak beste, barruan zeudenen agendei nahiz koadernoei. Gainera, Kalixton auzolanean ari ziren hamabost lagun identifikatu dituzte.
45 minutu inguru eman dituzte lokalean poliziek, eta han zeudenek azpimarratu dutenez, bitarteko asko erabili dituzte; esaterako, miaketarako zakurrak. Iruñerriko Kontseilu Sozialistak salatu du, "beldurra eragitea" izan duela helburu Espainiako Poliziak.