AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Navarra Televisión
2024/05/22 12:41

Iruñean (Nafarroa), bi emakume bortxatu zituzten gutxienez bi gizonek 2016ko abenduaren 8an. Ezagutzen ez zuten etxebizitza batean esnatu ziren bi emakumeak, Erripagaña auzoan, ezagutzen ez zituzten bi gizonezkorekin. Hankartean zuen mina zela-eta larrialdi-zerbitzuetara jo zuen gero emakumeetako batek, eta hala jakinarazi zioten sumisio kimiko bidez sexu-eraso bat jasan izanaren zantzuak zituela.

Atxilotu egin zituzten goiz hartan etxebizitzan zeuden bi erasotzaileak, eta Espainiako Poliziako agente baten senidea da horietako bat; koinatua, hain justu. Gerora, are gehiago ilundu zen auzia: Espainiako Poliziaren Iruñeko komisariatik desagertu ziren froga batzuk (adibidez, erasotzaileetako baten sakelako telefonotik lortutako datuak), eta segurtasun-kamerek hartutako irudiak manipulatuta eta moztuta heldu ziren epaitegira (polizia-txosten batean seinalatutako irudirik garrantzitsuenetako batzuk falta ziren).

Azkenean, epaiketarik ere ez zen izan: Nafarroako Probintzia Auzitegiak 2018an artxibatu zuen auzia, akusatuak zigortzeko nahikoa froga ez zegoela iritzita, eta zigorgabe geratu zen bi emakumeek jasandako erasoa. Espainiako Poliziak ere, teorian, barne-ikerketa bat jarri zuen martxan, bortxaketari lotutako frogen desagerpena eta manipulatzea ikertzeko. Horrek ere ez zuen inora eraman: absolbitu egin zuten bortxatzailearen koinatu polizia.

Zazpi urte eta erdi beranduago, auzia tramiterako onartu du Giza-Eskubideen Europako Auzitegiak. Biktimek aurkeztutako helegitea aintzat hartuta, gertatutakoa ikertuko omen du Estrasburgok.

Hiru erasotzaile

Berria-k jaso duenez, abenduaren 8an, gauez, jai-giroan topatu zuten elkar bi emakumeek eta erasotzaileek. Lokal bateko segurtasun-kamerek erakutsi zuten hiru gizonezko zirela elkarrekin. 02:00etan, gutxi gorabehera, titare batetik edan zuten zerbait bi emakumeek, hiru gizonetako batek emanda. Orduan galdu zuten kontzientzia osoa bi neskek. Hurrengo goizeko 11:00etan esnatu ziren, biluzik, eta ez zuten ezertxo ere oroitzen.

Hurrengo egunetan, hainbat eragin sumatzen eta pairatzen jarraitu zuten emakumeek: haluzinazioak, ubeldurak lepoan, saihets bat urratuta, min handia hankartean eta sabelean, eta abar. Horregatik jo zuen larrialdi-zerbitzuetara haietako batek.

Sexu-erasoen aurkako protokoloa aktibatu zutenean, gizonetako bi atxilotu zituzten: Erripagañako etxebizitzako jabea, eta, emakumeak esnatzean, bertan berekin zegoen gizona. Erasoa gertatu zen gauean, baina, hirugarren gizonezko bat ere bazegoen eurekin festa-giroan: foruzaina da, eta bera ez zuten ez atxilotu ez auzipetu.

Atxiloketak egitean jakin zen, hain justu, atxilotuetako batek harremana duela Iruñeko komisariako Ufam taldeko agente batekin, bere koinatua baitzen. Erasoa ikertu behar zuen Ufam taldeak, hain zuzen ere.

EZ DAGO IRUZKINIK