AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/12/31 08:56

Atzo, abenduaren 30ean, 800 pertsona inguru batu ziren Iruñerriko (Nafarroa) Kontseilu Sozialistak antolatutako manifestazioan. Gobernu desberdinek neurri murriztaile berriak aurkeztu dituzten honetan, neurri autoritarioen aurkako eta sozialismoaren aldeko aldarriek hartu zituzten Iruñeko kaleak iluntzean.

"Bi urte beteko dira laster pandemiak eztanda egin zuenetik. Egoerari izaera natural bat eman nahi zaion arren, argi diogu: birusak ez du erabaki politikorik hartzen. Burgesia da, klase agintaria da, bere interesen arabera auzi honen gaineko erabakiak hartzen dituena", azpimarratu zuten Kontseilu Sozialistako kideek.

"Kasuen gorakada ikaragarriaren aurrean, oinarri epidemiologikorik gabeko neurri arbitrarioak ezarri dituzte berriro ere. Adibide argienak Covid ziurtagiriaren ezarpena eta berau esparru gehiagotara zabaltzea edota kalean maskararen erabileraren derrigortzea izan dira", salatu zuten.

Etengabe neurri autoritario berriak mahaigaineratu bai baina, kontrara, osasun-sistemara gero eta baliabide gutxiago bideratzen ari direla nabarmendu zuten gainera: "Osasun sistema kinka larrian dago eta egoeraren kudeaketa norbanakoarengan utzi da. Osasunbideak ez ditu kasuak arakatzen, ez du behar adina testik egiten, lehen arreta gainezka dago... Bakoitzak ahal duena egin dezala, eta eros ditzala antigeno testak urrearen prezioan".

Konfinamendua hamar egunetik zazpira murriztu izanaren inguruan ere hitz egin zuten Kontseilu Sozialistako kideek: "Jada ez dute disimulatzen, argi geratu da etekina dela haien izateko arrazoi bakarra. Horrek guztiak agerian uzten du osasungintza Kapitalaren beharren mende dagoela, alderdien borondatearen gainetik".

Gerra

"Estatuaren autoritarismoaren gorakada" bizitzen ari garela azaldu zuten, beraz: "Alarma egoerak, etxeratze aginduak, osasun ziurtagiriak, militarizazioa... Salbuespen egoera gobernantza forma gisa normalizatzen ari da, eta itxurakeria demokratikoa guztiz galdu da". Seinalatu zuten, hala, ez dela "kasualitatea" hori guztia "gerra sozialeko testuinguru batean gertatzea, proletalgoaren aurkako gerran, hain zuzen ere". "Osasun krisia ziklo produktibo berri baterako baldintzak ezartzeko eta ekoizpen sistema modernizatzeko baliatzen ari dira", zehaztu zuten.

Gerra horretan, "langile klasearen eguneroko ogia" dira, Kontseilu Sozialistaren esanetan, etxegabetzeak; alokairua, argindarra, gasolina eta bestelako oinarrizko produktuak hain garestiak izatea; aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen iraunkortasuna; eta abar.

Alternatiba faltsuak

"Eta hau guztia noren eskutik? Historian izan den gobernu progresistenaren eskutik. Ezkerreko alderdiak, Kapitalaren ezkerra, alegia, burgesiarentzako pagotxa dira. Proletalgoari egiten dizkioten erasoak beraiek kudeatzen dituztenez, alternatiba baten aukera blokeatzen dute", salatu du Kontseilu Sozialistak.

"Batasun horrek guztiak, burgesiaren alderdi bakarraren baitan adierazten denak, alternatiba faltsuak elikatu baino ez ditu egin. Faxismoaren eta bere itxurakeria antisistemaren kasua da. Konspirazioaren teorien edo txertoen aurkako sekten kasua ere bada", argitu zuen, gainera: "Horien aurrean gure jarrera argia da: ez dugu intoxikaziorik, ez jende horrekin nahasterik onartuko. Ez gara negazionistak, komunistak baizik! Txertoa sustatzearen alde gaude, baina txertaketa doakoa, kalitatezkoa, unibertsala, borondatezkoa eta behar bezala informatua".

"Aurrean dugun panorama ez da erraza. Proletalgoak kolpez kolpe jarraitzen du, babesik gabe eta politikoki umezurtz", ondorioztatu zuen Kontseilu Sozialistak. Hala, beharrezkotzat jo zuen, beste behin, "proletalgoaren antolakunde independente politikoa eraikitzea".

Aldarrikatu zuen, bestalde, "langileen kontrolpean egongo den osasun-sistema doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa eraikitzea" dela "guztiontzako osasun-krisiari irtenbide duina emateko bide bakarra". "Eta sistema hori soilik izan daiteke errealitate, burgesiari bere boterea kendu eta ezagutza zientifiko eta aberastasun sozial guztia gizateria osoaren zerbitzura jarriko duen Estatu Sozialista baten eskutik", gaineratu zuen.

EZ DAGO IRUZKINIK