AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iratxe Sorzabalen tortura testigantzak jasotzen dituen kartel bat. ARGAZKIA / Twitterretik hartutakoa
2023/02/03 08:47

Frantziako Estatuak emandako zigorra osorik bete eta Espainiaratua izan ostean, iazko otsailean epaitu zuten Iratxe Sorzabal Espainiako Auzitegi Nazionalean. 1996an ETAk egindako bi ekintzatan parte hartzea leporatu zion auzitegiak, eta 24 urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra jarri zion. Epai hori aztertu du orain Auzitegi Gorenak, eta ontzat eman du ebazpena, Sorzabalek bere atxiloaldian salatutako torturei eta tratu txarrei entzungor eginda berriz. Beraz, berretsita geratu da Sorzabalen kontrako zigorra, eta ukatuta geratu da tortura salaketa.

2001ean atxilotu zuen irundarra Guardia Zibilak, eta bost egunez izan zuen inkomunikatuta. Intxaurrondon (Donostia, Gipuzkoa) izan zuten lehenengo, eta Madrilera eraman zuten gero. Jasandako torturen berri eman zuen, eta hori erakusten duten hainbat froga atera izan dira argitara azken urteetan, irudiak kasu. Inkomunikazioaren bigarren egunean, erietxera eraman behar izan zuten Sorzabal, polizia-indarrek eragindako zauriak haragi bizian zituela.

Otsailean Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan, tortura horiek salatu zituen berriz Sorzabalek. Bestalde, berriz nabarmendu zen bere konfiantzazko abokatuarekin kontaktua eta harremana izateko eskubidea ukatu ziotela irundarrari.

Gorenak orain esan du, ordea, torturak gobernuz kanpoko erakunde baten aurrean salatzeak eta, okorrean, pairatutako torturen berri emateak ez duela "egiaztatzen" benetan halakorik jasan zuenik. Onartu du, gainera, oinarrizkoa dela konfiantzazko abokatu batekin harremana izateko eskubidea, baina hori mugatu egin daitekeela "terrorismoarekin" lotutako kasuetan.

Sorzabalek Reauko espetxean bete zuen Frantziako justizia administrazioak ezarritako zigorra. Espainiaratzean, lehenengo Estremeran (Madril) izan zuten preso Espainiako Estatuko autoritateek, baina Zaballara (Araba) lekualdatu zuten gero.

EZ DAGO IRUZKINIK