Israelgo Defentsa Indarrak (IDF, ingelesez) deiturikoek larunbatean baieztatu zuten: erasora jo zuten Iranen hainbat orduz, "helburu militar" batzuen kontra. Asko esaten du sionistek operazio militarrari jarritako izenak: Damuaren Egunak. Izan ere, Iranek egindako azken erasoei erantzuteko prestatu omen dute azken operazio hau. Iranek bi eraso handi egin ditu sionisten kontra: urriaren 1ean eta apirilean.
Teheran, Mashhad edota Karaj hirietan egin zituzten erasoak, besteak beste. Itxura denez, Iranen hainbat base militarren kontra jo zuten, baita ekoizpen industrialerako zentroen kontra ere (adibidez, misilak ekoizteko azpiegitura). Irango Defentsa Antiaereoak jakinarazi zuen, baina, "modu arrakastatsuan" lortu zuela Israelgo Estatuaren erasoak geratzea, nahiz eta "kalte mugatuak" jasan hainbat eremutan. Lau soldadu irandarrek galdu zuten bizia.
Damuaren Egunak operazioa izaten ari zenean, Sirian ere egin zituen hainbat eraso Israelgo Estatuak, hegoaldean eta erdialdean. Siriako SANA agentziaren arabera, bertako defentsa-sistemek ere lortu zuten erasoei aurre egitea. Gainera, Iranen kontra egiteko, Iraken aire-espazioa bortxatu zuten sionistek: haien misil batzuen hondakinak topatu dituzte Iraken.
Lehentasunak oraingoz: Gaza eta Libano
Asteburuan
Irani eraso arren, agintaritza sionistek esan dute Palestina eta Libano
direla lehentasunak: "Gazako Zerrendan eta Libanon ditugun helburuetan
zentratuta gaude". Eta bietan mantentzen ditu bonbardaketa kriminalak. Gazako Zerrenda iparraldean, eraso handiekin jarraitu du asteburuan: Beit Lahian, esaterako, gutxienez 40 palestinar erail ditu, eta Salahedingo eskola bati eta Jabaliari ere eraso die. Gutxienez hemezortzi lagun hil dituzte azken horretan.
Zerrendako ospitaleek gain hartuta segitzen dute. Hori gutxi balitz, Kamal Adwan osasun-etxean, 44 langile eta paziente atxilotu dituzte soldadu sionistek. Osasun-sarea suntsitzen saiatzeaz gain, gertatzen ari denari buruzko kontakizuna blokeatu nahi dute sionistek, eta gutxienez hiru kazetari erail dituzte azken egunetan (Al Aqsa-ko buru bat, Sanad agentziako kazetari bat, eta Jerusalem Fundazioko kazetari bat). Azken urtean, gutxienez 180 kazetari hil dituzte Gazan.
Libanon, bestalde, hegoaldean eta Beirut hiriburuko aldirietan egin ditu beste hainbat eraso Israelgo Estatuak. Bereziki dauka jopuntuan libanoar erresistentzia, eta badirudi hainbat milizianok galdu dutela bizia azken egunetan sionisten kontrako borrokan. Agintaritza sionistek diote 70 izan direla.
UNRWA legez kanpo utzi nahi dute sionistek
Hainbat hilabetez egon da geldirik Israelgo Parlamentua (Knesset), baina aste honetan ekingo dio martxari. Lehentasunetako bat izango da, antza, Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia (UNRWA) debekatzeko pausoak ematea. Uztailean hiru-lege proiektu onartu zituzten sionistek, UNRWAren kontra.
Aurreneko lege-proiektuak bilatzen duena da, Israelgo Estatuaren menpeko lurretan, UNRWAren jarduera debekatzea. Bigarren legearen bidez, agentziako langileei babesa eta immunitatea kendu nahi dizkiete, eta hirugarrenarekin, "terroristatzat" joko dute UNRWA. Aurretik ere egin ditu terrorismo akusazioak entitate sionistak, Mendebaldeko hainbat gobernuren babesarekin eta onespenarekin.
Sionisten estatu-aparatuak aski ez, eta kolono "zibilek" ere etengabe egin diote eraso palestinar errefuxiatuei laguntzeko agentziari. Jerusalemen, adibidez, su eman zioten egoitzari joan den maiatzean, eta hilabete luzez jazarri dituzte bertako langileak.
2023ko urritik hona, behin eta berriz azpimarratu dute UNRWAren lanak Palestinan duen garrantzia: iazko datuen arabera, 2 milioi palestinarrek jasotzen zuten agentziaren laguntza humanitarioa.