AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / LAB
2025/01/30 14:30

Ostegun honetan ere grebara jo dute Nafarroako hezkuntza publikoko irakasleek. "Hezkuntza publikoaren alde" egin dute deialdia Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, hirugarrenez ikasturtea hasi zenetik. Ratioak jaistea, lan-karga murriztea, oztopo burokratikoak kentzea, lanpostuak egonkortzea eta erosahalmena handitzea daude langileen aldarrien artean. Sindikatuek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu diote bere "jarrera aldatu" dezala, hezkuntza-sare publikoaren kalitatea hobetzeko.

Grebaren barruan, Iruñean (Nafarroa) izan da manifestazio bat gaurkoan, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusitik hasita. Ahotsa-ren arabera, protesta modura, Labrit mozten saiatu dira greban zeuden irakasleetako batzuk, eta euren kontra oldartu dira polizia-indarrak. Gutxienez langile bat eraman du atxilo Espainiako Poliziak.

Lanuzteak EAEko hezkuntza publikoan ere

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere lanuzteak egiten ari dira hezkuntza publikoko beharginak, sindikatu berdinek deituta. Irekita daude lan-hitzarmen kolektiboaren inguruko elkarrizketak, eta hainbat eskaera egiten ari dira langileak: lan-karga arintzeko, erretiroa aurreratzeko, erosahalmena areagotzeko zein enplegua egonkortzeko neurriak eskatzen dituzte, besteak beste. Greba-ziklo berdinaren barruan, lanuzte bereiziak egiten ari dira sektoreka: irakasleak hasi ziren aurreko astean, eta aste honetan haurreskoletako, garbiketako eta jantoki-zerbitzuko langileen txanda da.

EZ DAGO IRUZKINIK