AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Navarra Televisión
2025/07/16 14:01

Iruñerriko (Nafarroa) hiri-garraioko langileek sanferminen atarian hasi zuten greba mugagabea, uztailaren 2an hain zuzen ere. Pamplona Actual atariak jaso duenez, grebaren bidez, jaietako joan-etorriak %22 murriztea lortu dute, iazkoekin alderatuta. Dena den, aste honetan jakinarazi dute momentuz greba etetea erabaki dutela langileek asanbladan, baina baita "beren eskubideen aldeko mobilizazioekin jarraitzea" ere. Horiek horrela, protestak egingo dituzte udan, eta datorren irailean ekingo diete berriz lanuzteei.

Hilabetearen hasieran abiatutako grebari begira, "langileen parte-hartze handia" eta "une oro erakutsitako konpromiso kolektiboa" nabarmendu ditu langile-batzordeak. Horrekin batera, plantillaren mobilizazioetan eta abar herritarren partetik jasotako elkartasuna eskertu du. Noticias de Navarra-k hilaren 8an argitaratutako artikulu batean, adibidez, ikusten zen elkarrizketatutako pertsona guztiek esaten zutela greba ulertzen eta babesten zutela, zerbitzuan eragina izan arren.

Sindikatuek aurreko astean salatu zuten ez zeukatela enpresa-zuzendaritzaren berririk azken bitartekaritza-saiotik. Langileek hilabeteak daramatzate borrokan, 2008tik galdutako soldataren %5,38 berreskuratzea, soldatak KPIaren arabera eguneratzea, lanaldia murriztea, gaueko eta jaiegunetako bajak eta plusak hobetzea eta 2023an iraungitako hitzarmen kolektiboa berritzea lortzeko, besteak beste. Plantillaren %60k baino gehiagok egin dute bat  grebarekin azken asteetan.

EZ DAGO IRUZKINIK