Repsol enpresak bere mozkinak bikoiztu ditu
2022. urtearen lehen hiruhilekoaren buruan, 1.392 milioi euroko irabaziak izatera
iritsita. Petrolioaren eta gasaren prezio altuak probestuz, 50 milioi
akzio berrerosi ditu aurten, eta ez du gehiago eskuratzea baztertzen,
baldin eta aparteko irabaziak metatzen jarraitzen badu.
2008tik ikusi gabeko maximoak ukitu dituzte hidrokarburoen prezioek aurtengo lehen
hiruhilekoan. Halaxe igo dira petrolio enpresa ugariren irabazi garbiak,
Repsol tartean. Haren mozkinak %114,8 hazi dira, 2021eko sasoi beraren
aldean.
Akzioen berrerosketa
Kontuok
aurkeztu ondoren, enpresaren burtsako akzioak %10,65 igo ziren joan den
astean. Urtarriletik hona, berriz, %37 igo dira. Horri guztiari esker,
Repsolek 50 milioi akzioren berrerosketa aurreratu du (bere kapitalaren
%3,5). Berez, 2022ko azken hiruhilekoan edo hurrengo urteko lehen
hiruhilekoan egingo zuela iragarri zuen; orain, ordea, urtea amaitu
baino lehen egingo duela esan du.
Josu Jon Imaz kontseilari
delegatuaren hitzetan, "ez dira azken berrerosketak izango". Akziodunen batzarra egingo dute datorren
maiatzaren 6an, eta proposamen bat bozkatuko dute orduan. Onartuko balitz, Repsolen kapitalaren %10erainoko tituluen
berrerosketak edo amortizazioak onartzeko baimena emango liokete administrazio kontseiluari.
Erregaien deskontuek mesede
Espainiako
Gobernuak neurri "aurrerakoi" gisa aurkeztu badu ere, erregaiei ezarri
dien deskontu orokorrak ez dio hazkurarik txikiena ere eragin Repsoli;
alderantziz. Imazek berak aitortu duenez, "ez ditu kostu gisa
ikusten" deskontu horiek, izan ere, "merkaturatzearen arloan digitalizazioa bizkortu" dutela ohartarazi du. Deskontu orokorrak Waylet
aplikazioaren erabiltzaileen ugaritzea ekarri duenez, "izugarri" igo
omen dira hango salmentak, Imazen hitzetan.
Beraz, apirilaren 1ean
indarrean jarri zen deskontuak bigarren hiruhilekoan "nolabaiteko
eragina" izango duela onartu arren, "erregaiak merkaturatzeko negozioa
modernizatu eta handitu" egingo dela aurreikusten dute.
Emaitza "garbiak"
Ekonomialariek
"emaitza garbi doitu" gisa izendatzen duten adierazlea ere bikoiztu
egin du petrolio-enpresak, %124,2ko emaitzarekin. Neurgailu horrek
"negozioen martxa modu zehatzagoan" aztertzen du, ondare garbitik
harago begiratuz. Beraz, kalkulu horrek emaitza apalagoak izan
ohi ditu. Repsolek, bada, 1.056 milioi euroraino bikoiztu zuen neurgailu
hori ere.
Esplorazioa eta Ekoizpena
delakoa izan da gehien nabarmendu den arloa. Espainiako Estatutik kanpo
garatu da jarduera hori guztia, eta aipatutako emaitza garbi doituaren %69 ekarri zuen, aurreko
emaitzak %123,5 inguru bikoiztuz, 731 milioi eurora iritsita.
Gasolindegietako irabaziakGasolina-zerbitzuguneei lotutako atalak %5 inguruko ekarpena egin zion emaitza garbi
doituari. Hala, 2021eko lehen hiru hilabeteetakoa baino 27 milioi
euro handiagoa izan da; COVID-19aren testuinguruko salbuespen neurri gehienak bertan behera geratu eta Espainiako Estatuko gasolindegietan salmenta gehiago lortu
ziren hartan baino gehiago, hain zuzen ere.
Industria
Repsolen
arlo industrialak hirukoiztu egin zuen bere emaitza (%223,3) 2021eko
lehen hiruhilekoaren aldean, eta 236 milioi eurora heldu zen. Hazkunde
horretan funtsezkoa izan zen birfintzearen negozioa; horren emaitza
operatiboa aurreko urteko aldi berekoa baino 334 milioi euro handiagoa izan zen.