AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Funds Society
2025/02/07 11:11

Espainiako Estatuko banku-sektoreak irabazi historikoekin itxi zuen 2024. urtea, sei entitate nagusien artean 32.000 milioi euro pilatzera iritsi baitziren. Santander bankua da gorakada horren buru, 12.574 milioi eurorekin; aurreko urtean baino %14 gehiago irabazi du, Espainiako Estatuko etekinak bikoiztuz. BBVAk, berriz, 10.000 milioitik gora lortu ditu lehen aldiz (10.054 milioi, %25,4 gehiago), eta CaixaBank 5.787 milioira heldu da, %20,2ko hazkundearekin. Emaitza horiek aurrekaririk gabeko igoera bat erakusten dute finantza-sektorean, banketxeei ezarritako zerga berezia eta Espainiako Estatuko merkatuaren errentagarritasunari buruzko kritikak gorabehera.

Irabazien hazkundeak bi faktoreri erantzuten die nagusiki: banku-komisioen igoerari eta interesengatiko marjinaren hazkundeari. Komisioei esker 26.000 milioi euroko diru-sarrerak metatu zituzten, eta %12 hazi ziren irabazi horiek, aurreko urtearen aldean. Nahiz eta bankuek, hainbat urtez, tasa negatiboei erreferentzia eginez justifikatu dituzten igoera horiek, orain, goranzko tasekin, mantendu egin dituzte komisioak. ASUFIN bezalako kontsumitzaileen elkarteek kritikak egin dituzte, salatzeko "kostu gehigarri" horiek ez daudela "justifikatuta".

Sektoreko baikortasuna burtsako merkatuetan ere islatu da, non banku handiek rally indartsu bat bizi izan duten azken asteetan. Santanderrek eta Sabadellek %18 gehiago irabazi dute urtarriletik, BBVAk %13, Unicajak %12, Caixabankek %19 eta Bankinterrek %7. Guztira, IBEX35eko sei banku nagusiek 26.800 milioi euro metatu dituzte burtsako kapitalizazioan hilabete bakar batean, eta badirudi 2025a are errentagarriagoa izango dela haientzat.

EZ DAGO IRUZKINIK