AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Yanelis Guevara. ARGAZKIA / Utzitakoa
2023/02/08 13:07

30 kirol zentro inguru dira Nafarroan, eta, kasu gehienetan, eskumen publikokoak izan arren, azpikontratatutako enpresa pribatuen esku daude zerbitzu guztiak. Besteak beste, mantentze-lanetako eta atezaintzako langileak, garbiketako langileak, sorosleak eta kirol monitoreak dira sektorean, eta bi urte baino gehiago dira kirol kudeaketako ituna iraungi zela.

Zein izan zen Nafarroako kirol zentroetako lan-gatazkaren abiapuntua?

Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa izan zen abiapuntua. 2020ko abenduaren 31tik dago agortuta kirol kudeaketako itun kolektiboa, eta gu iazko udan hasi ginen borrokan, negoziaketari begira patronalari presioa egiteko. Uztailean egin genuen aurreneko greba eguna, eta beste bat abuztuan.

Iazko urtearen hasieran, Nafarroako plataforma bateratu bat planteatzen hasi ginen, lau sindikaturen parte-hartzearekin: CCOO, ELA, LAB eta UGT. Gure sektorean, berez, lau urtean behin berrikusi eta berritu behar da hitzarmen kolektiboa, eta itun berriak aldaketa batzuk jasotzea nahi genuen, ikuspegi ekonomikotik nahiz sozialetik. Izan ere, nahiko prekarioa da kirol kudeaketako ituna.

Zehazki zeintzuk dira kirol zentroetako langileek zuen egunerokoan topatu dituzuen arazoak?

Sektoreko langileok emakumeak eta gazteak gara gehienbat, eta partzialtasun handia dago gure lan-kontratuetan. Sektorean denbora luzea daramaten pertsona askok, hamar urtetik gora lanean daramatenak kasu batzuetan, %60ko lanaldiak edo txikiagoak dituzte oraindik. Nekez ikus daitezke %100eko lanaldiak dituzten pertsonak, eta prekaritate ekonomikoa eta soziala dakar horrek.

Monitoreen kasuan, adibidez, bereziki partzialak dira lanaldiak. Agian hiru orduz aritu behar gara goizez zentro batean, eta 45 minutuz gero, beste zentro batean. Eta horixe da gure lanaldia. Zentro batetik bestera mugitzea, gainera, ez da ordaintzen; denbora hori ez da lanordu modura hartzen.

"Lan bera egiten duten langileen artean lan-baldintza desberdinak topatzea ohikoa da sektorean"

Lan bera egiten duten langileen artean lan-baldintza desberdinak topatzea ere ohikoa da sektorean. Besterendutako kiroldegi batzuetan, enpresa batek kudeatzen ditu zerbitzuetako batzuk, eta beste enpresa batek beste batzuk. Beste zenbait kiroldegitan, enpresa publiko batek kudeatzen du zerbitzuen zati bat, eta enpresa pribatuek bestea. Halakoetan, lan-baldintza eta itun desberdinak ezartzen ditu bakoitzak. Eta, normalean, kudeaketa pribatuaren pean gaudenok gara kaltetuenak.

Esaterako, kirol zentroren batean, egon daitezke garbiketan aritzen diren eta beraz lan berdin-berdina egiten duten bi behargin, baina izan ditzakete lan-baldintza desberdinak, bati garbiketako ituna ezartzen diotelako eta, besteari, kirol kudeaketakoa. Edo nire kasuan, adibidez, zentro pribatu batean egiten dut lan, baina azpikontratatutako enpresa batentzat. Zentroak zuzenean kontratatu dituen lankide batzuk baditut, eta lan berdina egiten dugu. Dena den, lan-baldintza desberdinak ditugu.

Marra gorri batzuk jarri zenituzten hitzarmenaren negoziaketan.

Elkarrizketa askoren ostean eta patronalaren ezezko askoren ostean, negoziaketarako lau lerro markatu zituzten aipatutako lau sindikatuek, patronalak azter zitzan eta hitzarmena sina zedin. Plataforma, izatez, anbiziotsuagoa zen gure beharrei zegokienez.

Lau lerro horiek marra gorriak ziren hitzarmena sinatzeko, eta kirol kudeaketako sektore osoa barne hartuko lukete; langile guztiei eragingo lieke. Ondokoak ziren: Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) araberako soldata-igoerak ezartzea, %6,6ko igoera erreferentzia modura hartuta; gaixotasunek eragindako bajetan hobekuntza ekonomikoak izatea; hutsik dauden lanpostuen ebazpena hobetzea, eta lanaldiaren murrizketarekin lotutako hobekuntzak izatea.

Lanaldiaren murrizketari lotutako hobekuntzekin bilatu nahi zena zen, kontratua %100eko lanaldikoa izatera hel dadin urtean eskatzen diren gutxieneko lanorduen kopurua jaistea, urtean 1.600 orduz lan egiteko eskatu beharrean, esaterako, 1.400 orduz lan eginda %100eko lanaldiko kontratua izateko.

Gaur egun jasaten ari garen egoera ekonomikoarekin, inflazioaren igoerarekin eta bizitzaren kostuarekin, normala da guk exijitzea KPIaren igoera errealaren arabera igo beharko liratekeela gure soldata errealak. Bestela, ez digu ematen bizitzak.

Eta zein izan da Agedena patronalaren erantzuna iaz elkarrizketak hasi zirenetik?

Bilerak hasi zirenean eta marra gorriak markatu zirenean, Agedenaren erantzuna izan zen gehienez %4,5eko igoerak onartuko zituela soldata-tauletan, eta beste hobekuntxa txikiren bat akaso. Esaterako, kontratuak %100eko lanaldikoak izan daitezen eskatzen den gutxieneko lanordu kopurua jaisteari dagokionez, urtean bi orduko murrizketa bat baino ez zuen eskaintzen. Ia barregarria da hori.

"Inoiz ez da soldata errealaren hobekuntzarik izan. Eta hori ere ukatu digute"

Eta soldata-taulak %4,5 igotzeari dagokionez, guk berez eskatzen genuena zen soldata erreala igotzea, ez soldata-taulak. Monitoreok, esaterako, soldata-tauletan jasotzen dena baino gehiago kobratzen dugu, baina hamar urte baino gehiago goaz zenbateko berdina kobratzen. Inoiz ez da soldata errealaren hobekuntzarik izan. Eta hori ere ukatu digute.

Zehazki azaroan esan ziguten enpresa pribatuek azken proposamen bat egingo zigutela: %4,5eko soldata-igoera bat 2023rako eta %3koa 2024rako, soldata-tauletan berriz ere. Ez zuten inolako hobekuntzarik eskaintzen behin-behineko bajetan, kontuan izanda gure sektorean egiten diren lan askok lesio fisikoak eragiten dituztela. Ukitu ere ez dute egin gai hori. Patronalaren erantzuna honakoa izan da: "hau da nire proposamena eta hau da eskaintzen dizuedan guztia". Ez da posizio horretatik mugitu.

Urtarrilaren amaieran sinatu zuten aurreakordio bat UGT eta CCOO sindikatuek, baina salatu izan duzue ez dituela zuen eskaera guztiak jasotzen.

Langileon behar batzuk borrokatzera atera ginen gu, eta horien oso azpitik dago UGTk eta CCOOk sinatutako aurreakordioa, bi sindikatuek aitortu duten modura. Egiaz ez gaitu langileok asetzen, baina "lurreratze-pista" modura aurkeztu dute proposamena biek, asko luzatu den egoera bati, momentuz, konponbide bat emateko. Nire ustez ez da nahikoa aurreakordioa, bai gure beharren azpitik dagoelako, bai ez dituelako izaera orokorreko itun sektorialaren arazoak konpontzen.

"Langileon behar batzuk borrokatzera atera ginen gu, eta horien oso azpitik dago UGTk eta CCOOk sinatutako aurreakordioa"

Izan ere, patronalak proposamena onartuko balu, bi sindikatu baino ez lirateke izango sinatuko luketenak, eta mugatua izango litzateke bere eraginkortasuna. Kaskarra da hori, eraginkortasun orokorreko akordio bat baita egokiena, hainbeste borroka egin dugun langileok askoz ere gehiago babestuko gaituena.

Delikatua da une honetako egoera, eta nabaria da sektoreko langileok jasaten ari garen higadura ekonomikoa, greba luzea izaten ari delako eta gaur-gaurkoz greban jarraitzen dugunontzat hondamen ekonomiko bat delako. Baina egoera morala ere oso delikatua da langileon artean, eta horretan zerikusi ikaragarria izan dute instituzioek eta haien jarrerak. Ez dituzte langile-masak eta gure aldarrikapenak babestu.

Lanuzteekin hasi zinetenetik, etengabe urratu dute zuen greba eskubidea, eta zuzenean seinalatu dituzue zenbait instituzio. Auzitegietara ere eraman duzue gertaturikoa.

Bai, eskubide urraketa gogorrak jasan ditugu, adibidez, Nafarroako udalen aldetik. Patronalaren eta gure arteko akordiorik egon ez arren, grebara jo dugunean, udalek ireki egin dituzte kudeaketa publikoko kirol instalazio batzuk. Iazko urtearen amaieran, adibidez, atezaintzako nahiz mantentze-lanetako langilerik gabe ireki zituzten zentroak, nahiz eta langile horien ardura den instalazioak irekitzea eta martxan jartzea. Hainbat kasutan, udaltzainak izan dira, alkatetzen aginduarekin, kirol zentroak irekitzen aritu direnak.

Zentro batean gertaturikoa, adibidez, ikaragarria izan zen. Osasun Departamentuaren ohar bat tarteko, langileak greban egon arren, zentroa ireki zuten eta eskola batzuk eman zituzten igerilekuan. Ateak giltzapean itxita zeudela eman zieten eskola adin txikiko haurrei; eta igerilekuko soroslea greban egonda gainera, horrek dakarren arrisku guztiarekin. Hori ez da langileon eskubideen urraketa soilik.

"Komeni zaienean pribatua omen da zerbitzua, eta bestela komeni zaienean, publikoa. Zentroren bat ireki nahi dutenean eta greba baten ondorioz ezin dutenean, publikoa eta haien eskumenekoa da eraikina"

Udalek esan dutena da eraikin publikoak direla kirol zentro horiek, eta haienak direlako ireki dituztela. Eta argi dago diru publikoarekin ordaintzen diren eraikin publikoak direla, baina instituzioak izan dira horietako zerbitzua kanpora ateratzea erabaki dutenak, enpresa pribatuen bidez. Komeni zaienean pribatua omen da zerbitzua, eta bestela komeni zaienean, publikoa. Zentroren bat ireki nahi dutenean eta greba baten ondorioz ezin dutenean, publikoa eta haien eskumenekoa da eraikina, eta, besterik gabe, esku hartu eta ireki egiten dute. Presioa egin ahal izatea da langileok greba egiteko arrazoietako bat, emaitza batzuk lortzeko. Baina udalek halako neurriak hartzen badituzte, erabat babesgabe uzten gaituzte.

Sekulakoak izan dira jasan ditugun eskubide urraketak, oso gogorrak langileon adorerako. Ustez guri laguntzeko esku hartzen egon beharko luketen instituzioen aldetik ere bai. Gurekin enpatia izaten eta kolaboratzen egon beharko lukete lan-baldintza duinak jasotzen dituen hitzarmen baten alde, baina ez dugu erantzun hori jaso haien partetik; kontrakoa.

"Instituzioek beste aldera begiratu dute edo zuzenean bizkarra eman digute, gure greba eskubidea etengabe kolpatua izan denean. Jakina, gehiago egin dezakete berez, baina langileon eskubideak urratzea izan da egin dutena"

Udalen, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzaren edota Osasun Departamentuaren jarrera azpimarratu nahiko nuke. Instituzioek beste aldera begiratu dute edo zuzenean bizkarra eman digute, gure greba eskubidea etengabe kolpatua izan denean. Jakina, gehiago egin dezakete berez, baina langileon eskubideak urratzea izan da egin dutena. Instituzioen gehiegikeriak jasan behar izan ditugu.

Eta nolako erantzuna izan du grebak sektoreko langileen artean?

Gorabeheratsuak izan dira azken hilabeteak. Poz handia izan dugu askotan eta une oso hunkigarriak izan dira, baina baita une oso zailak ere. Dena den, langileon artean batasun handia ikusi da batez ere; elkarrekiko babes handia. Greba honetan zehar, indarra eta batasuna erakutsi ditugu sektorean. Oso sakabanatuta daude kirol zentroak, eta, hala ere, elkarrengana hurbildu gara eta elkarrekin egin dugu borroka. Balioan jarri behar da hori.

"Oso sakabanatuta daude kirol zentroak, eta, hala ere, elkarrengana hurbildu gara eta elkarrekin egin dugu borroka"

Gauza bat argi geratzea nahi dut. Badira pertsona batzuk, grebara jo eta 40 edo 50 egunez greban egon ostean, lanera itzuli behar izan direnak. Baina euren lanpostuetara itzuli badira, karga ekonomikoa gehiago jasan ezin zutelako edota lanuzteek euren lanean eduki zezaketen eragin negatiboagatik izan da. Adibidez, lanik gabe gera zitezkeela uste zuten batzuek. Errealitate ekonomikoak direnak dira. Lehen esan bezala, karga emozionala ere handia izan da askoren kasuan. Beldur, kezka eta karga horiengatik itzuli dira lanera, eta ez pentsatzen zutelako patronalaren eskaintza ona zela eta hori babestu behar zela.

"[Grebalari batzuk] euren lanpostuetara itzuli badira, karga ekonomikoa gehiago jasan ezin zutelako edota lanuzteek euren lanean izan zezaketen eragin negatiboagatik izan da"

Hori da, nire ustez, gizarte modura egin beharko genukeen hausnarketa. Planteatu beharko genuke ea benetan nahi dugun bigarren mailako langileak egotea, behartuta daudenak duinak ez direla uste duten lan-baldintza batzuk onartzera, eta horiek onartu beste erremediorik ez daukatenak. Uste dut hori dela tristeena eta arriskutsuena.

Eta nola ikusten duzu hemendik aurrerakoa?

Borrokan jarraitzen dugu; mahai batean eseri ahal izateko, berriz hitz egiteko, zein kontu adostu ditzakegun ikusteko. Baina hobekuntzen alde jarraitzen dugu borrokan, eta ez behar ditugun baldintzak direla uste dugulako soilik: beharragatik ere bada, bizirauteko beharragatik. Eta uste dut merezi dugula.
EZ DAGO IRUZKINIK