AKTUALITATEA / Faxismoa
Inskripzio frankista bat kentzeari uko egin dio Mañuetako alkateak
"Ez dio inori enbarazu egiten", esan du PPko Francisco Javier Garciak.
2025eko irailaren 1
Inskripzio frankista bat kentzeari uko egin dio Mañuetako alkateak
— ARGAZKIA El Correo

"Bere garaian esan nuen eta orain ere mantentzen dut. Nik ez dut kenduko. Nire borondatez ez dut egingo". Hala defendatu du Mañuetako (Araba) alkate Francisco Javier Garciak (PP), udal-jabetzako eraikin bateko (bere garaian eskola izandakoa) fatxadan dagoen inskripzio frankista kentzeari uko eginez.

PSE-EEk martxoan eskatu zion udalari inskripzioa kentzeko, eta Espainiako Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzak eskaera formal bat egin zion horren ondoren. Leiho bateko ateburuan dago oroigarria, Gerra Zibila deiturikoan faxisten alde aritu ziren lau bizilagunen omenez. "Jainkoagatik eta Espainiagatik eroriak" ("Caídos por Dios y por España") jartzen du bertan, hildako horiek oroitzeko.

PP buru duen udal-gobernuak ez du grabatua kendu oraingoz, nahiz eta, berez, hilabeteko epea eman zion gobernu-ordezkariordetzak. Alkateak babestu du inskripzioak "bizi osoa daramala herrian". Badirudi Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Marisol Garmendiak, aste honetan erabakiko duela zer neurri hartu.