Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki aldarri nagusitzat hartuta, aurtengo Azaroaren 25ean ere kaleak hartu ditu Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Indarkeria matxistari aurre egiteko eta hura suntsitzeko, beste urte batez aldarrikatu du sozialismoaren eraikuntza, Euskal Herri osoan barrena. "Emakume langileok askatzeko, instituzioetako politiken fartsatik kanpo antolatzera" deitu dute Itaiako kideek, baita "emakume langileon emantzipazioa egikarituko duen gizarte eredu berri bat eraikitzeko bidean borroka egitera" ere.
Oraingoan, 25 herritan egin dituzte mobilizazioak Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, goizez zein arratsaldez: Gasteizen (Araba), Donostian (Gipuzkoa), Zarautzen (Gipuzkoa), Irunen (Gipuzkoa), Hernanin (Gipuzkoa), Urnietan (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa), Ordizian (Gipuzkoa), Legazpin (Gipuzkoa), Zestoan (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa), Arrasaten (Gipuzkoa), Iruñean (Nafarroa), Altsasun (Nafarroa), Lakuntzan (Nafarroa), Lizarran (Nafarroa), Garesen (Nafarroa), Bilbon (Bizkaia), Portugaleten (Bizkaia), Gernikan (Bizkaia), Ondarroan (Bizkaia), Basaurin (Bizkaia), Durangon (Bizkaia) eta Baionan (Lapurdi).
Indarkeria matxistaren kontra indarrak batzea
"Emakume langileok bigarren mailako subjektu garen gizarte honetan, indarkeria matxista emakumeok azpiratuta mantentzeko bitarteko bat da", seinalatu du Itaiak gaurko mobilizazioetan. Indarkeria horrek "forma berriak" ere hartu dituen arren, "erasoaldi sistematiko hori" egunerokoa dela gogorarazi du: "Jarraipenak, jazarpena, mehatxuak, komentario lizunak, bortxaketak...".
Aurten, gutxienez lau erailketa matxista izan dira Euskal Herrian, bai eta erailketa bikario kasu bat ere
Eta ez dute etenik indarkeria matxistaren "aurpegirik ilunena" diren erailketa matxistek ere. Emakumeon Antolakunde Sozialistak ohartarazi du, urtea hasi zenetik, gutxienez lau erailketa matxista izan direla Euskal Herrian, bai eta erailketa bikario bat ere. Eraso horiek guztiak salatzeaz gain, dei argi bat egin du Itaiak Azaroaren 25ean: "indarkeria matxistaren aurka indarrak batzeko" deia, hain zuzen ere.
Instituzioetako politika feministen fartsa
"Instituzio publikoetan, hedabideetan, ikastetxeetan zein parlamentuan berdintasunaz hitz egiten badute ere", "errealitatean, emakume langileok jazarriak izaten jarraitzen dugu", Itaiak nabarmendu duenez. Hortaz, azaldu du "agerian geratzen" direla "instituzioetatik alderdi politikoek martxan jartzen dituzten legeen hutsuneak": "Politika horien atzean, alderdi instituzionalen eta horietako burokraten interes politikoak eta pertsonalak ezkutatzen dira, inondik inora ez emakume langileon interesak".
"[Alderdi instituzionalen] Proposamen politikoak indarkeria matxistaren kudeaketa soilera mugatzen dira, eta ez dute ekarpenik egiten indarkeriarekin benetan amaitzeko"
"[Alderdi instituzionalen] Proposamen politikoak indarkeria matxistaren kudeaketa soilera mugatzen dira, eta ez dute ekarpenik egiten indarkeriarekin benetan amaitzeko", gaitzetsi du Itaiak. Adibide modura aipatu du Soilik baietz da baietz delako legea Espainiako Estatuan: "Zirku mediatikoan zeresana eman bazuen ere, emakume langileon bizitzetan ezer gutxi aldatu du. Errealitatean, polizia-etxeetan jazarriak izaten jarraitzen dugu, ospitaleetako protokoloak zaurgarriago bihurtzen gaitu emakumeok, epaiketa amaigabeak eta laguntza ekonomiko eta psikologiko urriak jasaten ditugu, eta abar".
Fartsatik kanpo, emakume langileen interesak lehen lerrora
Itaiak, beraz, berriz esan du beharrezkoa dela "instituzioetako politiken fartsatik kanpo antolatzea" indarkeria matxistari aurre egiteko, "emakume langileon interes politikoak bermatzeko", eta martxan jartzen diren borrokak indarkeria matxista suntsitzeko "norabidean kokatzeko".
Berriz esan du Itaiak beharrezkoa dela "instituzioetako politiken fartsatik kanpo antolatzea" indarkeria matxistari aurre egiteko, "emakume langileon interes politikoak bermatzeko", eta borrokak indarkeria matxista suntsitzeko "norabidean kokatzeko"
Horri lotuta, bi zeregini egin diete azpimarra Itaiako kideek: "emakume langileon azpiratzea eta gure aurkako indarkeria matxista normalizatzen duten industria kulturalari eta instituzioei aurre egitea" batetik, eta "indarkeria matxista jasan duen emakume batek bere bizitzarekin aurrera jarrai dezan baldintza materialak, sozialak eta ekonomikoak bermatzea", bestetik. Bestalde, funtsezkotzat jo dute "indarkeria matxista gauzatu duen erasotzailearen aurkako jarrera irmoa izatea" ere, "emakume langileon aurkako eraso oro" desagerrarazteko bidean, "ezinbestekoa" izango delako "gizarte osoaren inplikazioa".
Gizarte berri bat eraikitzeko borroka, eta azaroaren 30erako hitzorduak
Itaiak jakinarazi du "emakume langileon emantzipazioa egikarituko duen gizarte berri bat eraikitzeko" lanean ari dela egunez egun, eta, hain justu, indarkeria matxista behin betiko suntsitzea dela horretarako "ezinbesteko premisa" bat. "Emakume langileok ezin gara zapalkuntza kudeatzearekin konformatu eta, beraz, gaurdanik martxan jartzen dugun borroka-prozesu bakoitzak zentzu horretan ekarpena egin behar du, gizarte sozialista eraikitzeko bidean baldintza politikoak eraikiz", argitu du.
Itaiak jakinarazi du "emakume langileon emantzipazioa egikarituko duen gizarte berri bat eraikitzeko" lanean ari dela egunez egun, eta, hain justu, indarkeria matxista behin betiko suntsitzea dela horretarako "ezinbesteko premisa" bat
Gaur mobilizatzeaz gain, Itaiako kideek adierazi dute zentzu horretan hartuko dituztela kaleak datorren azaroaren 30ean ere, greba orokorrean. "Guztiok kalitatezko lan- eta bizi-baldintza berak edukitzea aldarrikatzen dugu, hau da, guztiok bizi-aukera berak izatea", laburbildu du: "Horretarako, ezinbestekoa izango da guztion soldata-berdintasuna bermatzea eta zaintza-lanak sozializatzea, baina baita indarkeria matxistari aurre egitea ere". Azaroaren 30ean mobilizatzera deitu dute, hala.
Itaiak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo ditu mobilizazioak datorren osteguneko greba orokorrean. 12:30ean hasiko da Iruñeko manifestazioa, Nabarreriatik, eta 13:00etan ekingo diete gainerako hiru mobilizazioei; Donostiako Bulebarretik, Bilboko Moyuatik eta Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazatik.
[ARGAZKI GALERIA EGUNERATZEN ARI GARA]