AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/06 07:44

2024ko martxoaren 7an izan zen Indar Gorri taldearen aurkako sarekada erraldoia. Espainiako Poliziak 61 pertsona atxilotu zituen Nafarroan, besteak beste euren etxeetan eta lanean, eta gehienek igaro behar izan zuten gaua Iruñeko (Nafarroa) komisarian. Futboleko indarkeriaren kontra inoiz egindako polizia-operaziorik handiena izan zela saldu zuten momentuan, eta aitzakiatzat hartu zituzten 2023ko urrian Sevillan izandako gertakariak: Benito Villamarin estadio inguruan, konfrontazioa izan zen eskuin muturreko United Family del Betis taldekoekin. Dena den, operazioan atxilotutako gehienak ziren Indar Gorriri lotutakoak; 84tik 61. 

Orain albiste onak heldu dira Sevillatik, ordea: ematen du ezerezean geratuko dela hedabide intoxikatzaileek hainbeste famatutako operazioa. Sevillako Instrukzioko 7. zenbakidun Epaitegia arduratu da auziaz, eta titularrak erabaki du, oraingoz behintzat, auzia artxibatzea eta bertan behera uztea ikerketa-eginbide oro. Izan ere, esan du ezin dela ebatzi nork hartu zuen parte liskarrean, ustezko froga modura aurkeztu diren irudiak eta abarrak aztertuta: "Ez dakigu nor diren kalteak eragin zituzten egileak eta min hartutako gazteei eraso zietenak". Badirudi, gainera, teorian erasotuak izan ziren pertsonek ez dituztela "erasotzaileak" identifikatu eta ez dutela ezer erreklamatu epaitegian.

Hala ere, epailearen autoak erakusten du handia izan dela, auzi horren aitzakiapean, polizia-indarrek eta auzitegiak berak Indar Gorriren aurka egindako ikerketa. Epaileak berak aitortzen du, adibidez, ikertuen telefono mugikorretako deiak miatu dituztela, besteak beste dei horiek entzunez ondorioztatu baitu "hainbat orduz luzatutako tentsio-egoera bat" izan zela Indar Gorri eta United Family del Betis taldeetako kideen artean.

Faxismoaren aurkako borroka

Iaz sarekada gertatu zenean, handia izan zen Indar Gorrik jasotako babesa: jende ugarik egin zuen bat martxoaren 15erako Iruñean antolatu zuen mobilizazioarekin. "Errepresioari hortzak erakustera" deitu zuen taldeak, eta argi aldarrikatu zuen: "Borroka antifaxista berrestera gatoz; harmailetan aldarri politikoak zabaltzeko asmoa berrestera gatoz, eta autodefentsa zein borroka berrestera gatoz".

EZ DAGO IRUZKINIK