Gero eta eskuinerago kokatzen dira gazteak posizionamendu ideologikoari dagokionez. Hala ikus daiteke, 1999tik, Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS, gaztelaniazko sigletan) kaleraturiko barometroetan. 2016tik aurrera batez ere gizonezkoen artean izan den eskuineranzko joeraren abiadura azkarrak, gazteak, batez beste, eskuinerantz lerratzea eragin du. Mugimendu hori maila eta indar ezberdinekin izan den arren, ia adin tarte guztietan gertatzen da, baina 18-30 adin-tartean bihurtu da bereziki nabarmena azken urteotan.
Kokapen ideologikoan eragin berezia duten gaiak aldatzen doaz denborarekin, eta immigrazioarena da nagusietako bat. Azken sei urteetan, 2,4 aldiz handitu da immigrazioarekiko kezka: 2023an, biztanleriaren %11,3rentzat zen estatu-mailako hiru arazo nagusietako bat, eta 2017an %4,7 ziren iritzi hori zutenak.
2023an, biztanleriaren %11,3rentzat zen estatu-mailako hiru arazo nagusietako bat, eta 2017an %4,7 ziren iritzi hori zutenak
Indarkeria matxistari dagokionez, Fad.Gazteria-Reina Sofia zentroaren azken barometroaren arabera, 2019-2023 artean, handitu egin zen bere existentzia ukatu eta "asmakizun ideologikotzat" jotzen zutenen kopurua. Gizonen zein emakumeen artean gertatu zen joera hori: %5,7 izatetik, %14,5 izatera igaro zen ehunekoa emakumeen artean, eta %11,9tik %23,1era gizonezkoen artean.
Gauzak horrela, 2023ko hauteskunde orokorren emaitzei erreparatuz gero, Vox alderdiaren bozkatzaileen artean, gehiengoak 18-24 urte artean zituzten, eta lehenengo aldiz botoa eman zutenen bostenak bere alde eman zuten. Hala eta guztiz ere, fenomenoa ez da Espainiako Estatura mugatzen: joera berbera antzeman daiteke "Mendebaldeko" beste estatu gehienetan. AEBetan eta Alemanian, batik bat, gizonezko gazteak euren gurasoen adinekoak baino atzerakoiagoak dira immigrazioa edota sexualitatea bezalako gaiei dagokienez, hainbat ikerketak erakusten dutenez.
2023ko hauteskunde orokorren emaitzei erreparatuz gero, Vox alderdiaren bozkatzaileen artean, gehiengoak 18-24 urte artean zituzten, eta lehenengo aldiz botoa eman zutenen bostenak bere alde eman zuten