AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Arrazismoaren eta faxismoaren kontrako pankarta bat Hernanin, aurretik, pertsona migranteen kontrako pankarta bat agertu zen toki berdinean.
2024/09/19 10:27

Espainiako Estatuko biztanleen kezkei buruzko inkestak egiten ditu sistematikoki Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS, gazteleraz), eta barometro horren azken emaitzak argitaratu ditu asteazken honetan. Jadanik ez da langabezia inkestatuek identifikatzen duten arazo nagusia, immigrazioa baizik.

Duela hiru hilabete, ekainean, bederatzigarren postuan zegoen immigrazioa biztanleen kezken zerrendan. Epe horretan, ordea, zortzi postu egin du gora, arazo nagusi bilakatzeraino. Ekainean, inkestatuen %11,2k besterik ez zuten seinalatu immigrazioa lehen, bigarren edo hirugarren kezka nagusi modura. Irailean, %30,4ra igo da ehuneko hori.

Mamuak

Bitxia da, baina, gerora zer nolako urruntzea erakusten duten inkestatuek ustezko arazo nagusi horrekiko. Izan ere, galdetzean ea zein den eurei "pertsonalki" eragiten dien arazo nagusia, ez dute immigrazioa seinalatzen aurreneko arazo modura: "arazo ekonomikoak", osasungintza, enpleguaren kalitatea eta etxebizitza identifikatzen dituzte lehenengo. Irizpide hori jarraituta, bosgarren posturaino jaisten da immigrazioa.

Immigrazioaren kausen inguruan hitz egitean, ia guzti-guztiek (%96,6) uste dute "desberdintasun handiak" daudela "herrialde pobreen eta aberatsen artean", eta %87,3k iritzi diote horixe dela migrazio-fluxuak areagotzen dituen arrazoietako bat. %72,2k diote Espainiako Estatuak "ahalegin handiagoa" egin beharko lukeela pobretutako herrialde horiek "gara daitezen".

"Arazo politikoak" eta langabezia lehen postuetan, indarkeria matxista azkenekoetan

CISek irailean bildutako azken informazioen arabera, immigrazioarekin batera, kezka nagusien podiuma osatzen dute "arazo politikoek orokorrean" (%20,6) eta langabeziak (%20,1). Kezken zerrendan, laugarren postuan daude "arazo ekonomikoak", bosgarrenean "desberdintasunak (genero-desberdintasuna, klase-desberdintasunak eta pobrezia)", seigarrenean etxebizitza, zazpigarrenean "enpleguaren kalitateari lotutako arazoak", zortzigarrenean "politikarien portaera txarra", bederatzigarrenean "gobernua eta alderdi politiko zehatz batzuk", eta hamargarrenean osasungintza.

Kontrara, genero-indarkeria, esate baterako, 28. postuan dago inkestatuek arazotzat jotzen dituzten auzien artean. Klima-aldaketa, bestalde, 20. postuan dago, eta hamazazpigarrenean "herritarren segurtasuna".

Nazioarteko gatazkei dagokienez, galdetuak izan direnen %25ek diote "oso kezkatuta" daudela Ukrainako gerra dela-eta. Ekialde Hurbileko gatazkei buruzko kezka handiagoa da gaur-gaurkoz: %29,6k erantzun dute "oso kezkatuta" daudela.

EZ DAGO IRUZKINIK