AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/10/04 01:35

Martxan da Gedar Telebista. Bart estreinatu dute Burdin Hesia programaren lehen atala, horixe izango baita Gedar Telebistaren aurreneko programa. Hain justu, eguneroko koiunturaren analisia egingo da Burdin Hesia-n, modu kritikoan. Formatu hori ez da berria, baina GEDAR LANGILE KAZETAren Bi irakaspen boltxebike: egunkaria eta ausardia editorialak aurreratu bezala, iritzi-ikuskera kapitalistei aurre egin nahi die proiektuak.

Gaurkotasuneko gaiak tertulia baten bidez landuko dira Burdin Hesia-n. Aurkezle batek gidatuta, gertakari eta auzi zehatzen inguruan hitz egingo dute tertuliakideek, mahai baten bueltan. Saioz saio, txandaka ariko dira hainbat tertuliakide.

Zenbait albiste esanguratsuren errepasoak irekiko du Burdin Hesia-ren saio bakoitza. Gertakari zehatz horiek egingo diote bide, hain zuzen, atal bakoitzeko gai nagusiari. Gerora landuko dituzte gai nagusi horren hainbat ertz tertuliakideek, eta zenbait kasutan, elkarrizketa batek lagunduta izango da lanketa hori.

Lehenengo atalean, esaterako, pandemia, ezarritako neurri murriztaileak, kale-edana, jazarpen poliziala eta gazteen kriminalizazioa izan dituzte hizpide, Haizea Uzkudun aurkezlearen eskutik.

Hamabost egunero argitaratuko da Burdin Hesia-ren atal bat, igandeetan, 20:30ean. Hurrengo saioa, dena den, ez da urriaren 24ra arte helduko gurera: aste honetan hasita, Euskal Herriko Gazte Topagune Sozialistaren jarraipen berezia egingo du GEDAR LANGILE KAZETAk, eta hori dela-eta, atzeratu egingo da Burdin Hesia-ren hurrengo atalaren emisioa.

Hona hemen Burdin Hesia-ren aurreneko saioa, osorik ikusgai:


EZ DAGO IRUZKINIK