Bihar protestara joko dute Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikerlari doktoregaiek, "lan-baldintza duinen" defentsan. Euskal Herriko Doktoregaien Asanbladak deituta, elkarretaratzea egingo dute Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) campuseko Aulariopean, 13:00etan.
2017an sortu zuten Doktoregaien Asanblada, haien "lan-baldintza eskasak, soldata baxuak eta prekaritatea salatzeko". Ikasturte honetan zenbait aldarrikapen egin dituzte haien lan-baldintzen defentsan, hain zuzen:
"Langile izaera ezbaian"
Doktoregaiek salatu dute "aurrerakoi bezala aurkezten zaigun unibertsitate honek era sistematikoan jartzen" duela "irabazi ekonomikoa langileon ongizatearen eta kalitate akademikoaren aurretik". Ikerlari doktoregaien kasu zehatzari dagokionez, esaterako, gehienek lan-kontraturik ez dutela edo soldata "oso baxuak" (1.000 euro baino gutxiago) dituztela azaldu dute.
EHUren lan-hitzarmenak ez du aurre-doktoreen sektorea barne hartzen, eta ezartzen dizkieten lan-kontratuek haien "langile izaera ezbaian jartzen" dutela ohartarazi dute: "Formakuntza aldi batean gaude, bai; baina ez gara ikasleak. Ikerkuntzak etengabe formatu beharra dakar ibilbide profesional osoan, baina horrek ez luke behar lan-eskubideak urratzeko eta prekarizatzeko arrazoia".
Aldarrikatu dute, bestalde, "ikerlari orok, ezinbestean, jardun profesionala gauzatzeko azpiegitura egokiak eta baliabide material nahikoa behar" dituela. "Gutxieneko hori ez da bermatzen", diote: "Doktoregai guztiok matrikula kopuru berbera ordaintzen badugu ere, ikerlari horietako askok haien jarduna aurrera eramateko toki fisikorik ere ez dute".
"Lan egiteko ordaindu egin behar dugu"
EHUko doktoregaiek gogorarazi dute "urtetik urtera garestiagoak diren" tasak ordaindu behar dituztela; adibidez, doktorego-eskolako matrikula eta doktoregoa egiteko. "Lan egiteko ordaindu egin behar dugu", salatu dute. "Lanaldi amaigabeak" izateaz gain, asteburuetan eta oporraldietan kobratu gabe lan egin behar izaten dutela ere adierazi dute.
Gutxiren esku
"Goi-mailako formakuntza zein ikerkuntzak, aukera unibertsal behar luke, baina geroz eta jende gutxiagoren esku dagoen aukera da", ondorioztatu du Doktoregaien Asanbladak. Horren isla modura aipatu du ikasleek ordaindu behar dituzten tasak gero eta altuagoak izatea, eta ikerlari langileen baldintzak gero eta latzagoak izatea.