AKTUALITATEA / Kontrol soziala
Ikastetxe publikoetako geletan kamerak jarri nahi ditu Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak
Salatu dute eskolei xantaia egiten ari direla, kamerak jartzen ez badituzte, ekipamendu digitala emango ez dietela esanez.
2025eko urriaren 27
Ikastetxe publikoetako geletan kamerak jarri nahi ditu Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak
— ARGAZKIA Irekia

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako ikasgeletan kamerak jarri nahi ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta horretarako pausoak ematen hasi da jada, LAB sindikatuaren esanetan. Hainbat eskolatan kontrol-kamerak ipintzen hasi dira, aurrez jakinarazi gabe eta langileen, ikasleen eta euren senideen baimenik gabe. LABek salatu du "intimitatea urratzen duten baliabideak" direla kamera horiek, eta "langileak kontrolatzea" dela asmoa.

"Gela digital" berriak prestatzea aitzakiatzat hartuta behartu nahi dituzte ikastetxeak kontrol-kamerak ezartzera. Badirudi, gainera, zuzendaritzei xantaia egiten ari dela Hezkuntza Saila: kamerak jartzen ez badituzte, ez omen diete gela digitalak hornitzeko gainerako ekipamendu digitala emango.

Monitore interaktiboa, mahai gaineko ordenagailua, mikrofonoak eta abar izango lituzkete ikasgela digitalek, eta Hezkuntza Sailak derrigorrezko baldintza modura markatu du gela horietako sabaian kamera bat ipintzea. Momentuz, hainbat ikastetxetako klaustroek egin diote uko kamera horiek ezartzeari.