AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Aiaraldeko ikasleek otsailean egindako elkarretaratzea. Argazkia: Aiaraldeko IA
2020/05/05 17:07

Aiaraldeko (Araba eta Bizkaia) Ikasle Abertzaleakek azaldu duenez, "COVID-19aren aitzakiapean ezarritako alarma egoerak aldaketa nabarmenak eragin ditu hezkuntza esparruan". Horrek ikasleen baldintzetan izan duen inpaktua ezagutzeko, beraz, galdetegi bat osatu zuten IAko kideek, eta dagoeneko esku artean dituzte eskualdeko 206 ikasleren erantzunak.

Batetik, jakinarazi dute ikastetxeek "ez dituztela errespetatu ikasturte hasieran ezarritako ordutegiak", izan ere, ikasleen %27 konektatu behar izan dira online eskoletara arratsaldetan edo jaiegunetan. %13k ez dute "gaitasun edo baliabide teknologikorik online metodoa jarraitzeko, eta %87k nabaritu du "lan kargaren areagotzea". %67,5ek iritzi diote irakasleek "malguagoak" izan beharko luketela etxerako lanen epe-mugekin, "oso zorrotzak" izaten ari direlako. Hala, %95ek adierazi dute estresa jasaten ari direla, eta orokorrean, %91 dira Hezkuntza Sailak hartutako erabakiak "bat ere onuragarriak ez direla" uste dutenak.

Bestelako zailtasun batzuk ere aipatu dituzte ikasleek; hala nola, edukiak "laguntzarik gabe barneratu" behar dituztela eta eskolak ireki bezain pronto azterketak izango dituztela, edota ikasgai bakoitzean "eduki gehiegi" lantzen ari direla eta "zalantza kopuruak gora egin duela".

BI ALDARRIKAPEN MAHAI GAINEAN

Behin galdetegiaren bidez jasotako erantzunak aztertuta, bi eskaera zehatz egin ditu Aiaraldeko IAk:

  1. Ikasturte hasieran zehaztutako egutegi eta ordutegiak errespetatzea: zehaztutako egutegi eta ordutegitik kanpo ematen diren eskolak bertan behera uztea, eta lanen epe-mugak ere eskola egunetarako ezartzea.
  2. Ikasketa prozesua ikasleen beharretara egokitzea: "testuinguruak eragindako baliabide faltaren eta zailtasunaren ondorioz", klasean "beharrezko edukia" soilik lantzea.

Aldarrikapenak aurkeztuta, IAko kideek sinadura-bilketa jarri dute martxan Laudion (Araba), hain zuzen, Ikastolan eta institutuan. Bilketaren bidez, "ikasleriaren kezka islatzea" da asmoa, baita "ikastetxeetako zuzendaritzek euren egoera ulertzea eta konpromisoa hartzea" lortzea ere.

Bestalde, ikasleek ez dute baztertu eskualdeko gainontzeko ikastetxeetan ere "eztabaida-prozesuak" abiatzea.