AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Jordi Alemany/El Correo
2024/10/02 12:48

Azkenean, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) ez du beste erremediorik izan: genero-indarkeriaren aurkako protokoloa aplikatuta, prozedura bat ireki behar izan dio Leioako (Bizkaia) campuseko irakasle faxistari, eta ezingo du eskolarik eman prozedurak irauten duen bitartean.

Dena den, kautelazko neurri bat baino ez da momentuz, eta irakasle horrek zabaldutako ideia faxista guztiei ez die erreferentziarik egin unibertsitate publikoak. Ez die inolako aipamenik egin hark kontratatutako funtzionarioak hedatu dituen ideia arrazista, klasista eta homofoboei, Espainiako Falangearen aldeko argitalpenei, eta abar.

Ikasleen antolakuntzaren emaitza

Leioako ikasleek aurreko astean ekin zieten protestei, EHUk lan-zuzenbideko irakasle faxista kanpora zezala exijitzeko. Hasieratik, baina, jarrera argi bat erakutsi zuen unibertsitateko zuzendaritzak: ikasleen borroka kriminalizatu eta kritikatu zuen eskura zituen baliabideen bidez, eta funtzionario faxista babestu zuen.

Gazteek, baina, faxismoaren kontra antolatzen eta mobilizatzen segitu dute, eta lortu dute EHUk bere jarrera aldatu behar izatea. Modu anbiguoan, Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak aurreko asteburuan adierazi zuen, irakasleak "delitu izan daitezkeen iruzkinak" egin baditu, "horren aurkako neurriak" hartu beharko zituztela.

Joan den astelehenean ehunka pertsona bildu ziren Leioako Zuzenbide fakultatean, beste behin ere, EHUk faxista bota zezala exijitzeko. Egun horretan, behin-behineko neurri baten berri ematera behartuta ikusi zuen bere burua unibertsitateak: astebetez, behintzat, eskolak ematea debekatu zion aipatutako irakasleari.

Orain, eta ikasleen presioari esker berriz ere, badirudi behin-behineko neurriak zertxobait zabaldu behar izan dituela EHUk, modu mugatuan bada ere. Esan bezala, genero-indarkeriari lotutako prozedura bat ireki dio irakasleari, eta bere klaseak eten ditu momentuz. Ikusteke dago zer emaitza izango duen prozedura horrek.

EZ DAGO IRUZKINIK