AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Ikasle Abertzaleak
2019/09/10 12:43

Udako egitarau zabalaren ostean, abian da 2019-2020 ikasturtea Ikasle Abertzaleak antolakundearentzat. Horrekin batera, gertu dira aurkezpen deialdiak bigarren hezkuntzan, Lanbide Heziketa zentroetan zein campusetako fakultateetan.

Joan den ikasturtean zehar jasotako "indar eta esperientziak baliatuz", "langileriaren interesen alde lan egiteko determinazioa" erakutsi nahi dute aurtengo ikasturtean ere. Jardun militantea bertatik ezagutzeko eta borrokara batzeko asmoa duen ikasle ororentzat "ateak zabalik" izango dituztela adierazi dute ikasle antolakundeko kideek.

Horretaz gain, jakinarazi dute ikasle agendak salgai izango dituztela heziguneetako hainbat salmenta puntutan, irailaren 9tik aurrera.

Ziklo politiko berri baten hasiera, VII. Kongresua

Pasa den ikasturteko apirilaren 13an eman zion amaiera Ikasle Abertzaleakek VII. Kongresuari. Hala, Berriozarren (Nafarroa) egindako ekitaldiarekin itxi zuen militantziak ikasturtean zehar gorpuztutako hausnarketa prozesua. Berriozarko aretoa goraino bete zuten ehunka gaztek.

"Indarberritze politikorako ekimena" izan zen hura ikasle antolakundearentzat. Militantziaren %83k hartu zuen parte barne mailako prozesuan. Errainu izeneko ponentziak berretsi egin zuen Euskal Eskola Nazionalaren proiektu estrategikoa, "prozesu sozialista orokorraren baitan".

"Ziklo politiko baten amaiera" izan zen ikasle antolakundearentzat VII. Kongresua. Ordura arteko ikuspegi politikoek "muga operatibo nabarmenekin" topo egin zutela ulertuta, "ziklo politiko berri baten unea" dela aldarrikatu zuten Ikasle Abertzaleakeko kideek.

Gazte Sozialiston Topagunea

Bide horretan, Gazte Sozialisten Topagunea antolatu zuen Ikasle Abertzaleakek Azpeitian (Gipuzkoa), Gazte Koordinadora Sozialistako kideekin batera. Ekimenaren bitartez, prozesu sozialistari bultzada ematea, komunitate politikoa indartzea eta langile kultura hedatzea izan zituzten helburu bi antolakundeek.



Aurkezpenen berri izateko: @IAbertzaleak