Ikasturte berriaren atarian, joan den ikasturteko testuinguru orokorra, funtsean, ez da aldatu IAren ustez: "Burgesiaren ofentsibak aurrera darrai eta sistema kapitalistaren krisia inoiz baino nabarmenagoa da". Halaber, ikasturte hasierako egoerari erreparatuta, instituzio eta agintari politikoen kudeaketa "negargarria" izaten ari dela salatu dute, "berrogeialdiaren osteko klaseen itzuleran izan zen moduan".
Aipaturiko testuinguruan, ikasle greba deialdia egin du Ikasle Abertzaleak antolakundeak datorren irailaren 15erako, EAEko bigarren hezkuntzara, lanbide heziketara eta unibertsitatera begira. Eguneko mobilizazioek "ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu" izango dute aldarri, eta aurki horien inguruko informazio gehiago zabalduko dela jakinarazi dute. Osasun-baldintza segururik egon ezean, "klase presentzialak gelditzea" exijitzen die IAk autoritateei. Ildo beretik, mezu argia helarazi diete: "Langileriaren osasuna bermatzen ez den bitartean, aurrean izango gaituzue".
HEZKUNTZA KRISIALDI GARAIAN
Krisi kapitalistaren testuinguruan, kapitala "irabazi dinamika ziklo berri bat artikulatu nahian" dabilela ohartarazi dute IAko kideek. Horrek, euren esanetan, "lan-indarra eskala handiagoan erreproduzitzea" eta "hezkuntza sistema kapitalistak aldaketak egin beharra" dakar, azken horren forman zein edukian. Hezkuntzari dagokionez, zehazki, "digitalizazio prozesua" nabarmentzen du IAk egokitze prozesu hori aurrera ateratzeko erreformaren baitan. Izan ere, berrogeialdia bitarteko, ikaskuntza presentziala murriztu eta abagune hori hezkuntza telematikoaren aldeko apustua aurreratzeko probestu dela gogorarazi dute.
Soldatapeko lanaren osaketan jazotzen ari diren aldaketek ("adimen
artifizialaren garapenak eragin dezakeen konposizio aldaketa kasu") ere "gaitasun digitaletan trebatzea" eskatzea azaldu dute IAko kideek. Horrenbestez, klase telematikoak behin-behineko erabilerarako aurkeztu bazituzten ere, "geratzeko" etorri direla iritzi dio IAk.
KONTROL SOZIALA
Heziguneetan "kontrol eta botere kuotak areagotu" egin dituztela gaineratu du IAk, "informazioaren eta edukiaren gaineko kudeaketa aurrerantzean gero eta gehiago haiena izango den heinean". Zentzu horretan, Espainiako Estatuko autonomia erkidegoek enpresekin sinatutako milioika euroko akordioak eta horiek "hezkuntzan izandako esku-hartzea" aipatu dituzte.
GUTXIENEKO NEURRIEN ALDEKO BORROKAN
IAko kideen arabera, hezkuntzan ere erreforma prozesu bat gertatzen ari da, eta ikasle langileen kalterako izango dela aurreikusi du. "Hurrengo egunetan burgesiak heziguneak irekiko ditu, normalitatearen izenean eta berme sanitariorik gabe, milaka ikasle eta familiaren osasuna arriskuan jarriz", salatu dute ikasleek.
Egoerari eusteko eskaera batzuk hankamotz geratzen direla uste dute, eta, aitzitik, ikasle langileen osasuna eta interesak babesteko "hezkuntzaren gaineko langile kontrola" dute oinarrizko baldintzatzat. Dena dela, osasuna bermatuko duten gutxieneko neurri batzuk exijitzea eta ezartzea ere beharrezkoa dela deritzote, "beti ere, kontuan hartuta erroko arazoa ez dela instituzio burgesen kudeaketa penagarrira mugatzen, baizik eta hezkuntza sistema kapitalistak ikasle langileon osasuna eta interesak ziurtatzeko dituen ezintasun
objektiboetara".
IKASLE SINDIKATUAREN DEIALDIA
Egoerari aurre egiteko antolakunde eta eragile ezberdinek hartutako erabakien aurrean, IAk Ikasle Sindikatuak deitutako greba errefusatu du. Oraingoan ere "kontentzio lanetan" aritzea egozten dio, eta hark deitutako grebari, ikasle langileen baldintzen defentsarako greba izatetik urrun, "kolpe mediatiko bat" bilatzea leporatzen dio, "botere aparatuek babestutakoa".
IAren iritziz, krisi kapitalista eta horren gaindipena seinalatu beharrean, "auzia neurri batzuk edo beste batzuk hartzean kokatu du Ikasle Sindikatuak, eta beraz, arazoa oker identifikatu du". Ondorioz, deialdi horren eta bere deitzaileen "jarrera oportunista" salatu dute IAko kideek, baita greba horri "ustezko sektore ezkertiarrek emandako babes eta oihartzuna ere".
HELBURUAK ETA EXIJENTZIAK
Pandemiaren hasieran bezalaxe, mezu argia plazaratu du IAk hezkuntzako helburuei dagokionez: "Hezkuntzaren gaineko langile kontrola, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izan dadin". Hori lortzeko bidean, ikasturte amaierako dinamikari jarraipena emanez, beharrezkoa ikusi du hainbat neurri eta horien berehalako aplikazioa exijitzea: