AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/08 09:24

Gaur, hilak 7, Ikasle Abertzaleakek ohar bat argitaratu du martxoaren 25eko aldarrikapenetan sakondu eta “exijentzia zehatzagoak” mahaigaineratzeko. Aurrez adierazitako baldintza orokorrak osatzeko “ ikasleria langilearen interesen defentsa” izan du irizpidetzat, salbuespen egoerari eta ondoren etorriko den testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoari begira. Langileria egoeraren “kaltetu nagusia” izango denez, aurrez ere “lehentasunezkotzat” jotzen zituen bizi-baldintzen babeserako aldarriak “lehen lerroan kokatu” eta euren defentsa “muturrrera eraman” behar dituela ondorioztatu du IAk.

Aurkeztutako programaren helburua “salbuespen egoerak ikasle langileon ongizatea ahalik eta gutxien kolpatzea” dela azaldu du ikasle antolakundeak. Ikasketa prozesua “kapitalisten irabazi dinamika elikatzeko antolatuta dagoela” salatu du IAk, eta ikasle langileen ongizatea, berriz, “helburu horretara azpiratuta”. Ondorioz, “gizarte kapitalista bere osotasunean seinalatzeko momentua” ikusten du; hots, “gizarte antolamendu sozialista eta ikasketa prozesuaren gaineko langile kontrola aldarrikatzeko momentua”. Eredu horrek “irabazi ekonomikoen dinamikaren logikatik kanpo” jardungo duen hezkuntza galdegiten du IAren ustez: “kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala”.

ESKAKIZUNAK

Espainiar Estatuko, EAEko eta Nafarroako gobernuetako aginte politikoei nahiz heziguneetako zuzendaritzei sei puntu nagusitan banatutako exigentziak bideratu dizkiete:

  1. Orain arte aplikatutako online ikasketa plana bertan behera uztea, kasu bakoitzean ezinbestekoa eta egingarria den materialaren lanketara mugatzea.
  2. Online ikasketa bidez landutako edukiaren gaineko ebaluazio mekanismoen balio akademikoa deuseztatu eta irakasgaien gaindipen automatikoa aplikatzea. Salbuespen egoera aurreko irakasgaien errekuperazio azterketen egutegia mantentzea eta azterketa presentzialak izatea.
  3. Selektibitatearen ohiko eredua indargabetzea eta horren ordez ikasleei erraztasunak emango dizkien ebaluazio eredua aplikatzea: datak aurreratzea, ikasle guztiek klase presentzialetan emandako edukiarekin egitea eta presentziala izatea.
  4. Salbuespen egoeran zehar ikasketa-kostu guztiak baliogabetzea, matrikulak eta ikasle pisu zein egoitzen alokairuak barne.
  5. Lanbide Heziketa Dualeko ikasle guztiek soldata jasotzeko neurriak aplikatzea, praktiken egutegia errespetatzea, salbuespen egoeragatik egutegi horrekin gutxieneko ordu kopurura betetzen ez duten ikasleei gaindipen automatikoa ezartzea eta praktikaldia ohiko egutegiz kanpo egin nahi dutenek horretarako aukera izatea.
  6. Aginte politikoak eta hezkuntzako arduradun ezberdinek ikasleria langilearen antolakundeekin egoera kudeatzeko elkarrizketa mahaiak osatzea.

BORROKAREN BERRESPENA

IAk bere prestutasuna adierazi du agintari politikoekin eta hezkuntza esparruko arduradunekin elkartu eta elkarrizketak abiatzeko. Horrez gain, programaren “aplikazio totala” erdietsi bitartean, zentzu horretan “borroka prozesuak eta dinamikak” abiarazteko konpromisoa hartu du. Izan ere, IAren hitzetan, azaldutako programa “ez da lanabes komunikatibo edo sozializatzailea bakarrik”, neurri konkretu horien aplikaziorako “norabidea zehazten duen tresna” baizik. Hori erdiesteko, ikasleria langileari nahi ikasle eragileei deia luzatu die programa bere egin dezaten eta “norabide horretan bultza egingo duen indarra” osatzeko. Egoeraren aurrean “borroka forma berriak sortzera” behartuta dagoela onartu du antolakundeak, “ez ordea borroka alde batera uztera”.