Saioa Alkaizak irabazi du Igartza literatur-sariketaren azken edizioko beka. Horrekin, Katu ileak txandaletan eleberria argitaratzeko aukera eta 10.000 euroko dirulaguntza eskuratu zituen, baina onura horiei uko egitea erabaki du iruindarrak. "Palestinar herriaren kontra gauzatzen ari diren genozidioan CAFek duen inplikazioa salatzeko, uko egiten diot Igartza Sariari", azaldu du mezu baten bidez: "Igartza sarian CAF enpresa diru-emaile nagusietako bat denez, literatur sari honi uko egitea erabaki dut, eta aukera hau palestinar herriarekiko elkartasuna adierazteko baliatzea".
Berria-k jakinarazi duenez, Beasaingo (Gipuzkoa) Udalak, Elkar argitaletxeak eta Goierriko CAF enpresak antolatzen dute sariketa, eta azken hori da literatur-beka diruz hornitzen duenetako bat. Besteak beste, Jerusalemgo Tren Arina eraikitzeko kontratu bat dauka CAFek Israelgo Estatuarekin, eta sionisten euskal konplize nagusietako baten modura seinalatu dute Palestinaren askatasunaren aldeko mugimenduek.
"Kulturgileoi lerratzea dagokigu"
"Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu. Genozidioaren konplize den enpresak kulturaren bidez zuritu nahi izan du bere burua, eta fokua behar den lekuan kokatu beharra dago: Palestinaren kontrako genozidioan", azaldu du Alkaizak: "Nazio Batuen Erakundeak Palestinan duen kontalariak kaleratu berri duen txostenean, CAFen jarduera jopuntuan jarri du, gerra-krimenetatik etekina ateratzen duen enpresetako bat delako, eta lurralde okupatuetan eraikitzen ari den trenak palestinarren burujabetzaren kontra egiten duelako".
Horiek horrela, aldarrikatu du beharrezkoa dela "euskal kultura kritiko eta lerratua" izatea "Israelgo Estatu sionistaren aurka"; "hitzez harago, ekintzaz erantzungo duena".