Baieztatu dute jada: Amerikako Estatu Batuetako Immigrazio eta Aduana Bulegoko (ICE) agenteak Italian izango dira, Milan-Cortinako Neguko Olinpiar Jokoetan. Berriak haserre handia sortu du Italian, Donald Trumpek agindutako sarekada masiboetan, ICEko poliziek Minneapolisen bi pertsona erail eta berehala atera baita argitara.
AEBetako Segurtasun Nazionaleko Departamentuko bozeramaileek CNN kateari baieztatu diotenez, ICEko Segurtasun Nazionaleko Ikerketen dibisioak "segurtasun-eginkizuna" izango du kirol-ekitaldiaren bueltan, "erakunde kriminal transnazionalen arriskuak arintzeko". Italiako agintaritzaren pean jardungo du, antza.
"Erreberentziarik ez"
Giuseppe Sala Milango alkateak RTL 102.5 irratiari adierazi dio Italiako agintaritzek ez dutela "ICEren beharrik" eta agente horiek ez direla "ongi etorriak Milanen". Salak "hiltzen duen milizia" gisa deskribatu du polizia-indarra, eta zalantzan jarri du Italiako Gobernuak Washingtonekiko duen mendetasuna: "Inoiz esan al geniezaioke 'ezetz' Trumpi?".
Giuseppe Conte lehen ministro ohiak, bere aldetik, eskatu du Giorgia Meloniren gobernuak "muga argiak" jar ditzala eta "erabaki argiak" har ditzala. "Ezin dugu hau baimendu. Bukatu dira erreberentziak".
"Ikerketa"
Meloniren gobernua polemikari eusten saiatu da, agente estatubatuarren irismen operatiboa minimizatuz. Matteo Piantedosi Barne ministroa Tilman Fertitta AEBetako enbaxadorearekin bildu da, eta esan du Italiara joango diren ICEko agenteak "ikerketakoak" izango direla. "Milango kontsulatu estatubatuarretik lan egingo dutela" eta "ez direla kalean egongo" baieztatu du, ohar baten bidez.
Antonio Tajani Kanpo Arazoetako ministroak "auzi emozional" gisa kalifikatu du polemika, hura hutsalduz: "Ez da [Italiara] SSak iristen ari direla. Ez dira Minneapolisko kaleetan daudenak".
Nazioartearen gaitzespena
Eztabaidak Italiako mugak gainditu ditu, The Guardian, CNN eta The New York Times egunkarietako azalak hartu baititu. Italiako oposizioaren zeharkako gaitzespena ere eragin du. Alderdi Demokratikoak Senatuan duen liderrak, Francesco Boccik, "Konstituzioaren aurkako zaplaztekoa" dela azaldu du.
Bitartean, Meloniren gobernuak Trumpen administrazioarekin duen "harreman berezia" defendatzen jarraitzen du. Il manifesto egunkariak aipatutako analisten arabera, dena den, aliantza hori gero eta zailagoa da, AEBetako agentzia federalek zabaldutako indarkeria eta Washingtonek Groenlandiari lotuta egindako gero eta eskakizun handiagoak tarteko.