AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/15 11:03

Iberdrolak "hazkuntza ekonomikorako inoiz baino etorkizun hobea" duela nabarmendu zuen aurreko astean Ignacio Sánchez Galán presidenteak, Bilboko (Bizkaia) sari-banaketa enpresarial batean. Bere esanetan, trantsizio energetikoa "aukera ikaragarriak" ekartzen ari da, eta sektore energetikoaren hazkuntza iragarri zuen: Iberdrola "sektore on batean dago, momentu on batean". Aurtengo urtarriletik irailera bitartean, 5.471 milioi euroko irabaziak pilatu ditu.

Sánchez Galánek azpimarratu zuen, 2030era bitartean, 100.000 milioi eurora irits daitezkeela enpresaren inbertsioak, eta gai direla "trantsizio energetikoa nazioarten sortzen ari den aukera paregabeak probesteko". Elektrifikazioa eta deskarbonizazioa aldarrikatu zituen enpresariak eta, zentzu horretan, elektrifikazioa bultzatzeko, datozen bi urteetan 41.000 milioi euroko inbertsioak egingo dituztela jakinarazi zuen.

Irabaziak gora, etengabe

Urriaren amaieran, bere irabazien "maximo historikoen" berri eman zuen Iberdrolak. 2024ko lehenengo bederatzi hilabeteetan, iazko epe berdinean baino %50 gehiago poltsikoratu zuen. Epe horretan, gainera, inbertsioek %13 egin zuten gora: 12.300 milioi euro, errekorrak hautsiz.

Irabazi gordinei dagokienez (Ebitda, gaztelaniazko sigletan) 13.629 milioi eurokoa izan da aurtengo urtarriletik irailera bitartean. Iazko epe berdinean baino %23 gehiago fakturatu du Iberdrolak, eta urtearen amaierako emaitzak hobetzea espero du. Urteko azken hiruhilekoan 5.500 milioi euroko irabazi gordinak lortuko dituela uste du, iaz baino %14 gehiago. Akzioen balioak %14 egin du gora azken hilabeteetan.

121,6 milioi euro dirulaguntzetan

2023. urtean, atzerrian aritzen diren energia-enpresei 500,9 milioi euroko dirulaguntza publikoak eman zizkien Espainiako Gobernuak. Iberdrola izan zen, Ogasun Ministerioaren datuen arabera, onuradun nagusia. Europar Batasunaren Erresilientzia, Transformazio eta Berreskuratze Planeko funtsak dira Espainiako Gobernuak enpresa energetiko erraldoiei bideratu zizkienak, eta Iberdrolak 121,6 milioi euro jaso zituen.

EZ DAGO IRUZKINIK