Aurreko asteazkenean topatu zuten 17 urteko gaztearen gorpua Galdakaotik (Bizkaia) igarotzen den Ibaizabal ibaiaren eremuan, baina ez zen argitara atera lau egun igaro arte. Bakarrik dauden adingabe atzerritarrentzako lehen-harrera zentro bat dago gaur egun Galdakaon, eta han bizi zen, behin-behinean behintzat. Argeliakoa zen jatorriz.
Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapean zegoen gaztea, Arratiako Harrera Sareak eta Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak azaldu dutenez. Aldundiak ezetz esan zuen; gaztea instituzioaren "behin-behineko zaintzan" zegoela adierazi zuen. Bi kolektiboek argitu dute, gainera, nortasun agiriak zituela gazteak. Horretan ere gezurra esan du antza Aldundiak, esan baitzuen hildakoak ez zuela agiririk edo akreditaziorik.
Zabalik dago heriotzaren kausak aztertzeko ikerketa; hala ere, hainbat iturrik azaldu dutenez, Polizia atzetik jarraika zuelako egin zuen ibaira salto gazteak. Ez zekien igeri egiten.
Opakutasuna
Atzo arratsaldean, urtarrilaren 24an, agerraldi bat egin zuten Arratiako Harrera Sareak eta Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak. Gazte argeliarrak nortasun agiriak zituela eta Aldundiaren tutoretzapean zegoela jakinarazteaz gain, zenbait salaketa egin zituzten: "Mohamedek [hildako gaztea], igeri egiten jakin gabe, ibaira jauzi egin bazuen Poliziarengandik ihes egiten, denbora luzez desagertuta egon bada eta bere gorpua ibaian agertu bada, non daude bera babestu behar zutenak? Noren erantzukizuna da? Zergatik ez dira gaztearen desagerpena eta heriotza jakinarazten gorpua agertu eta lau egun igaro arte?", esan zuten. Galdakaon gertatutakoan izan den "opakutasuna" ere salatu zuten.
Adingabe atzerritarrei lehen-arreta emateko zentro bat dago Zornotzan (Bizkaia). Gaur-gaurkoz, baina, obretan dago eraikina eta, beraz, han harrera egoeran zeuden adingabe guztiak Galdakaoko zentrora lekualdatu zituzten.