CIMADE elkarteak agerraldi bat egin zuen atzo Baionako (Lapurdi) bere egoitzan, eta pertsona migratzaileentzako atxikitze zentroetako egoera erakusten duten hainbat datu atera zituen mahaira. Iaz, 2021ean, paperik gabeko 219 lagun izan zituzten preso Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan; gizonezko helduak izan ziren guztiak, une honetan, ez dutelako ez emakumerik ez eta haurrik hartzen. Batez beste, 27 egunez izan zituzten atxikirik 219 gizon horiek. Atxiloaldiaren iraupena luzatu egin da, beraz, 2019an, batez beste, hamasei egunez izaten baitzituzten gatibu atxilotutako pertsonak.
Gainera, Hendaiako zentroan iaz eduki zituzten pertsonetatik 54 kanporatu egin zituzten lurraldetik; horietatik 32 Europatik kanpo bidali zituzten.
Frantziako Estatuko metropolian, guztira, ia 15.000 pertsona sartu zituzten preso iaz atxikitze zentroetan. Frantziako Estatuaren parte diren itsas gaindiko lurraldeetako zentroetan, berriz, beste ia 28.000 lagun izan zituzten gatibu.
"Gure ustez, itxialdi administratiboa ez da ulergarria, paperik gabeko pertsonak dira, ez gaizkileak", adierazi zuen prentsaurrekoan CIMADEko kide Julie Aufaurek. "Atxikitzearen oinarri legala kanporatze perspektiba bat izatea da. Mugak itxita badira, ez da perspektibarik; beraz, jendea atxikitzeko oinarri legalik ez da", gaineratu zuen. "Atzerritarren kriminalizazio logika areagotu da azken urteotan", esan zuen, bestalde, Nina Chaizek.
Etsipena
Hendaiako atxikitze zentroan nagusi den gaizkizateari ere egin dio azpimarra CIMADEk. Hala, horren islatzat jo dituzte zentroan ikusi diren "etsipenak eragindako ekintzak"; adibidez, migratzaile batek bere ziegari su eman izana edota beste batek ezpainak josi eta gose grebari ekin izana. Eskarifikazio kasuak ere egon dira.
PCR probak eta kanporatzeak
COVID-19aren agerpenarekin, gainera, are gehiago zapaldu dituzte paperik gabeko pertsonak. Izan ere, kanporatze-agindu bat ezartzen zaienean, eta kanporatuak izango diren herrialdeko autoritateek hala eskatuz gero, derrigortuta daude PCR proba bat egitera. Proba hori egiteari ezetz esaten badiote, baina, epaitu egiten dituzte: iazko abuztutik, delitutzat jotzen da PCR proba ukatuta kanporatze-agindua ez betetzea. Lau hilabeterainoko espetxe-zigorrak jar diezazkiete horregatik.