AKTUALITATEA / Xenofobia
Bizilagun bat Senegalera kanporatu dutela salatu dute Ribaforadan
Ribaforadako Udala Espainiako Poliziarekin lankidetzan aritu dela salatu dute: tramite batzuk egitera joateko eskatu zioten udaletik Modou Khadim Sowri, eta hara joandakoan atxilotu zuten.
2019eko maiatzaren 20
Bizilagun bat Senegalera kanporatu dutela salatu dute Ribaforadan

Erriberako senegaldarren elkarteak deitu eta kolektibo antiarrazistek babestuta, manifestazioa egin zuten larunbatean Ribaforadan (Nafarroa), Ahotsa-k jaso duenez. Modou Khadim Sowren kanporatze irregularra salatu zuten: tramite batzuk egitera joateko eskatuz, eskutitz bat bidali zion Ribaforadako Udalak, eta hitzordura joatean atxilotu zuten. 48 orduren buruan kanporatu zuten Senegalera, asistentzia juridikorik gabe.

Kolektibo antiarrazisten esanetan, Atzerritarren Legeak ahalbidetzen ditu halako kasuak, lege hori "beren jatorriaren eta egoera ekonomiko eta sozialaren araberako pertsona-kategoriak" sortzera bideratuta dagoelako, "haien eskubideak eta askatasunak murrizteko".