Urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean Espainiako Estatuko mugetan hildako pertsonei buruzko zifra batzuk kaleratu zituen Caminando Fronteras kolektiboak joan den ekainaren 12an. Epe horretan hil edo desagertu direnak gutxienez 5.054 izan dira; horietatik 50 haurrak.
Zifra hori iazko tarte beretsuan hildakoena baino bost aldiz handiagoa da, 2023ko lehen seihilekoan 951 lagun hil baitziren. Horrek ikaragarrizko hazkundea erakusten du mugak igarotzeko saiakeran hil diren pertsonen kopuruan: %431,44ko hazkundea, hain zuzen ere.
Urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean Espainiako Estatuko mugetan [...] hil edo desagertu direnak gutxienez 5.054 izan dira [...]. Zifra hori iazko tarte beretsuan hildakoena baino bost aldiz handiagoa da
Gainera, aurtengo datua soilik maiatzera arteko biktimekin osatu dutenez, aurreikusgarria da are handiagoa izanen dela zifra hori ekainekoak gehitzerakoan, ekaina delako muga-igarotze saiakera gehien biltzen dituen hiletako bat.
Halaber, Caminando Fronterasek kaleratutako datuen arabera, egunean 33 hildako izan dira urtea hasi zenetik hona. Heriotza gehienak uretan gertatzen dira; azken bost hilabeteotan, 47 ontzi desagertu dira, barruan zihoazen pertsona guztiekin batera. Hilean 800 hildako baino gehiago izan dira, eta hori dena uretan hildakoak soilik aintzat hartuta.
Hilean 800 hildako baino gehiago izan dira, eta hori dena uretan hildakoak soilik aintzat hartuta
Ibilbideei dagokienez, Atlantikoko pasabidea da arriskutsuena, bertan galdu baitute bizia 4.808 lagunek; hildako guztien %95ek. Ibilbide horrek hiru sorburu ditu. Guelmin (Maroko) eta Dajla (Mendebaldeko Sahara) artekoa da bata, 249 hildakorekin. Bestea Senegalgoa da, 959 hildakorekin. Eta, azkenik, Mauritaniakoa dago, guztietan arriskutsuena, 3.600 hildakorekin. Bestalde, Mediterraneo itsasoko ihesbideetan 246 lagun hil dira, gehienak Aljeriako ibilbidean zehar.
Urte batetik besterako igoera nabarmena bada ere, aipatutako kolektiboak gogorarazi du urtero izaten direla hamaika heriotza migrazio-bideetan, eta horren atzean dauden hainbat faktore seinalatu ditu. Batetik, estatuen arteko aldebiko itunek ez dutela inolako protokolorik zehazten desagertutakoen bilaketa edota egoera larrian dauden ontzietan erreskate-ekintzak aurrera eramateko. Horrez gain, pertsona migratzaileek baldintza meteorologiko bereziki makurretan ere erabili behar izaten dituztela migrazio-bide horiek; eta, ontziei dagokienez, txikiak eta kalitate txarrekoak izaten direla gehienetan.