AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Haraba!
2021/01/27 18:31

2021eko lehen mobilizazioak gauzatu ditu IAk gaurko egunez, urtarrileko azken asteazkenean. Amnistia ipar, zuekin gaude! aldarria zabaldu dute Hego Euskal Herriko hezigune ugaritan, hileko azken asteazkenero egin ohi duten legez, euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko. "Urte berri honetan ere presoen egoera orokorra ez da aldatu, eta COVID-19aren testuinguruan, horien egoera okertu baino ez da egin", salatu du antolakundeak.


Espetxeetako errealitateaz jakitun, amnistiaren aldarria "etengabe mahaigaineratzea eta horren alde borrokan jarraitzea" dagokiela adierazi dute IAko militanteek. Bide horretan, hamaika jarduera eta mobilizazio egin dituzte gaurkoan, unibertsitateetako campusetatik hasi eta tokian tokiko ikastetxeetaraino.


IKASTETXEETAKO DEIALDIAK


Zortzi eskualdetan izan dira mobilizazioak bigarren hezkuntzan; hala nola, Busturialdean (Bizkaia), Lea-Artibain (Bizkaia), Buruntzaldean (Gipuzkoa), Debagoienan (Gipuzkoa), Tolosaldean (Gipuzkoa), Goierrin (Gipuzkoa), Urola Erdian (Gipuzkoa) eta Gasteizen (Araba).


UNIBERTSITATEETAN


Hego Euskal Herriko hainbat unibertsitatetan ere elkarretaratu dira ikasleak, PREST eragilearen eskutik. Gasteizko (Araba), Leioako (Bizkaia), Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) eta Iruñeko (Nafarroa) campusak izan dira horren agertoki.


ERREPRESALIATUAK GOGOAN


Bide batez, azkenaldian Euskal Herrian izan diren hainbat errepresio kasu izan dituzte gogoan IAko kideek. Besteak beste, aipatu dituzte Patxi Ruiz preso politikoak salatutako jazarpena, Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aurkako epaiketa, 2019an Gasteizko Gaztetxean atxilotutako gazteei ezarritako zigorrak, bai eta Mikel Barriosen aukako kartzela zigorra ere.


Horrez gain, hainbat tokitan bizi duten "etengabeko jazarpen poliziala" ere nabarmendu dela salatu du IAk, eta Iñigo Gonzalez preso politiko ohiaren tortura kasua nahiz larriki gaixo dagoen Antton Troitiñoren egoera ere salatu ditu. Gertakari horien guztien aurrean, "gaitzespena adierazi" eta "borrokan jarraitzea" dagokiela adierazi dute IAko kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK