Gaur hasi da Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aurkako epaiketa

Fiskaltzak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat. Gaurko auzi-saioaren ostean, bihar emango diote jarraipena epaiketari Espainiako Auzitegi Nazionalean. "Armak, munizioak eta lehergailuak helburu terroristarekin gordetzea" leporatzen diete bi gazteei.
Argazki Nagusia
Argazkia: Espainiako Auzitegi Nazionala
2021eko urtarrilaren 21a

Gaur, urtarrilak 21, hasi da Galder Barbado eta Aitor Zelaia arabarren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eta zazpi urteko zaintzapeko askatasuna eskatu ditu bakoitzarentzat; hain zuzen, "armak, munizioak, lehergailuak eta horren osagaiak helburu terroristarekin gordetzea" egozten diete. 

2019ko otsailean hasi zen Barbadoren eta Zelaiaren aurkako auzibidea, Duranan (Araba) suziriak zituen bidoi bat aurkitu zutenean. Une horretan, bi gazteen etxeak miatu zituzten, ustez, bidoi horretan zeuden hainbat materialetan DNA arrastoak aurkitu ondoren.

Orduan atxilotu zituen biak Ertzaintzak, eta behin-behineko espetxealdia ezarri zieten. Soto del Realen (Madril) hilabetez bakartuta izan ondoren, Darocako (Zaragoza) kartzelara eraman zituzten martxoan, urte horretako uztailaren amaieran baldintzapean aske geratu ziren arte. 

Epaiketa

Barbadoren eta Zelaiaren deklarazioekin hasi da gaurko epaiketa. Galdera-sortan bidoiari eta bertan aurkitutako aztarnei buruz galdetu diete besteak beste, baina ez batak ez besteak ez zuten aztarnen berri. Biek utzi dute argi ez dutela inolako loturarik leporatzen zaizkien karguekin. Gainera, lekuko gisa deklaratu duen ertzainak ezin izan ditu lotu Barbadoren etxean aurkitutako materiala Duranan aurkitutako bidoiarekin.

Bestalde, Ertzaintzaren txostenaren arabera, motxila bat aurkitu zuten Zelaiaren etxean, "kale borrokako ekintzak egiteko materialarekin". Hori horrela, gazteak adierazi du material horiek (eskularruak, mugikorrak, bridak, zinta isolatzailea...) ez dutela zerikusirik ekintza bortitzekin, eta Hatortxu Rock jaialdian egindako txanda batengatik zituela.

Epaiketak bihar, urtarrilaren 22an, izango du jarraipena. Oraingoz, hainbat elkarretaratze antolatu dituzte datozen egunetarako, bi gazteei elkartasuna adierazteko eta haien egoera salatzeko.