AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Dinamika aurkezteko IAk argitaratutako bideoaren zati bat.
2021/10/25 15:20

Ikasle Abertzaleakek Bigarren Hezkuntzara zuzenduriko kanpaina bat abiatu du aste honetan, ''kalitatezko eta doako hezkuntza unibertsala'' aldarrikatzeko. Bizitzen ari garen krisi kapitalista testuinguruan, IAk ''balio-metaketa ziklo berri batean" gaudela esan du kanpaina aurkezteko kaleratutako adierazpenean, eta horrek hezkuntzari lotutako instituzioak ere ''goitik behera zeharkatu'' dituela ohartarazi du.

IAko kideek azaldu dutenez, langile klasearen bizi-baldintzen okerragotzearekin batera etorri da hezkuntza prozesuaren kalitatearen beherakada ere, eta horrek ikaslego langilea modu argian bideratzen du ikasketetatik kanpo gelditzera. IAren esanetan, kanporatze horren erakusle dira %16ko eskola-uzte tasa edota hezkuntza "etorkizuneko lan-indarraren konposizioaren" arabera norabidetzea.

Hezkuntza ereduaren endekatzea

Hezkuntzaren endekatze prozesua "haren kalitate beherakorrak eta edukiz husteko prozesuak ezaugarritzen" dutela nabarmendu du IAk. Kalitatearen beherakada agerian uzten dute, besteak beste, "ikasleriaren beharrei erantzuteko ezintasunak, gehiegizko lan kargaren ezarpenak edo kontrol sozialaren indartzeak".

Hezkuntza kapitalistak berezko dituen eta langile klaseak etengabe pairatu behar dituen problematikak dira aipatutakoak, eta arazo horiek ikasleen erantzukizun bilakatzera iritsi direla ere azaldu dute IAko militanteek. Esaterako, klase partikularretarako beharra nabarmendu dute. Ikasketa prozesuaren kalitatearen beherakadaren aurrean, familiek, sarri, eskolaz kanpoko klaseak ere ordaindu behar izaten dituzte, ikasketei beste gastu bat gehituz.

Hezkuntza edukiz husteko prozesuari dagokionez, IAk azpimarratu du ikaslegoa "jakintza garatzera baino, konpetentzia konkretu batzuk eskuratzera" bideratzen duela hezkuntza kapitalistak, "gerora lan-merkatuan erreproduzitu eta lan-indar produktibo bihurtzeko". Horren erakusle da, adibidez, hezkuntzaren digitalizazio prozesua, "egun hezkuntza prozesuaren bitarteko dena" eta lanen gaineko kontrol handiago bat eta ikaslearen diziplinamedu zorrotzago bat ahalbidetzen dituena. Horrez gain, IAko kideek salatu dute digitalizazioak enpresa pribatuek hezkuntzan duten esku-hartzea areagotu duela, haiek baldintzatutako hezkuntza planak ahalbidetzeraino, horrek ikaslegoarengan dituen ondorio guztiekin.

Bizi-baldintzen okerragotzea

IAk aipatu duenez, langile klaseko familien bizi-baldintzen okerragotzeak eragin nabaria du hezkuntza formalean. Hezkuntzara bideratu beharreko gastu ekonomikoak %50 igo dira 2004tik, eta horrek, Espainiako Estatuak hezkuntza publikoan egiten duen urteroko inbertsioaren 842 milioi euroko beherakadarekin batera, "hainbat ikaslek kalitatezko hezkuntzarako aukerarik ez izatea eragin du". Izan ere, gastu guztiei (eskolarako materiala, bidaiak eta abar) aurre egiteko ezintasuna gero eta ohikoagoa da ikaslego langilean.

Hezkuntzarako eskubide unibertsalaren beharra

Hezkuntzari zuzenean eragiten dion krisi egoera horren aurrean, IAk azaldu du "larritasun handiz ikusten" duela langile klasea hezkuntzan pairatzen ari den kanporatze prozesua. Esan du, gainera, "ikasketa-mailak ekoizpen-katean rol bat edo beste esleitzeko balio" duela eta horrek ikasleria bizi-eredu proletarizatu bat izatera kondenatzen duela.

IAk "hezkuntzarako eskubide unibertsalaren beharra" aldarrikatu du beste behin, auzia hezkuntzaren kalitatearen hobetzera edo laguntza ekonomikoen handitzera mugatzen ez dela arrazoituta. Horregatik, konponbide bakar gisa aldarrikatu du "hezkuntza sistema kapitalistari kontrajarrita" egongo den "hezkuntzaren gaineko langile kontrolaren" artikulazioa, ikasle langileen "behar kognitibo zein afektiboetara egokituko den hezkuntza eredua eraikitzeko".

Ikusi hemen IAk dinamika aurkezteko argitaratutako bideoa

EZ DAGO IRUZKINIK