AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
IAren elkarretaratzea Tolosan. Argazkia: Ikasle Abertzaleak
2020/09/27 10:39

Larunbat honetan, hilak 26, ohar bat plazaratu du Ikasle Abertzaleakek, datorren astearterako, irailak 29, elkarretaratzeak deitzen hainbat eskualdetan. Askatasun politikoen defentsan, langile antolakuntza lema hartuta egin ditu deialdiak.

Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu! dinamikari jarraiki, greba egiteko eskakizunak aurkeztu zituzten ikasleek EAEko 76 hezigunetan. Dena den, horietatik 58 ikastetxek ukatu zieten greba eskubidea ikasleei, "ikasleriari iritzia emateko inolako aukerarik eman gabe". Greba egiteko aurkera eman zuten ikastetxe gehienetan, aldiz, "falta justifikatuen metodoa" erabili zen, greba eskubidea bera errespetatu beharrean.

Horren aurrean, "lan politikoa egiteko bermeak izan arte borrokan jarraituko" duela dio IAk. Hain zuzen, irailaren 15eko grebarako aurkeztu zituen hiru aldarrikapenetako bat zen askatasun politikoen auziarena. "Greba eskubidea ukatu duten zuzendaritzen kopurua azken urteetako handiena izan da, eta gertakariek argi azaleratzen dute lan politikoa egiteko eskubidea urratzeak ez duela inolako kosturik zuzendaritzentzat", argudiatu du ikasle antolakundeak.

JARRERA AUTORITARIOA

Greba langileriaren eskubide historikoa izanik, IAk irmoki salatu du zuzendaritzen "jarrera autoritarioa". Bidenabar, mobilizazio eguna eta gero ere heziguneetan jarduera politikoak hamaika oztopo aurkitu dituela azpimarratu dute ikasleek; biltzeko, aurkezpenak egiteko eta propaganda jartzeko eskubideak ukatu egin zaizkiela baieztatu dute, adibidez.

Horretarako osasun-neurriak bermatzearen aitzakia baliatu bada ere, IAko kideek argi dute euren jarduera egiteko klaseko "neurri berberak" aplikatzen dituztela. "Lan politikoa egiteko bermeak izan arte borrokan jarraituko dugu", berretsi dute.