AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @IAbertzaleak
2020/10/30 12:16

Ikasle Abertzaleakek mobilizazioak iragarri ditu azaroaren 3rako, asteartea. Burgesiaren hezkuntza-kudeaketari, ikasle langileok planto! izenpean hasi dute dinamika berria, salatuz aginte politikoek azken egunotan hartutako erabakiak "ez direla hartu osasun irizpide zorrotzen baitan": "Neurrien helburua ez da hertsiki gure osasuna bermatzea". Horren ordez, "norbanakoen eskubideen eta askatasun politikoen aurkako neurriak" izan direlakoan dago IA, "ez dira inondik inora pandemiarekin eta birusarekin amaitzeko neurri eraginkorrenak".


Koiunturaren gaineko kritika-lerro bi zabaldu dituzte IAko kideek. Lehenik, neurri horiek irekitzen duten "testuinguru berria" seinalatu dute, haien esanetan, "gizartearen gehiengoaren pobretzean" oinarritzen dena. Bigarrenik, "heziguneetan gertatzen ari diren kutsatzeen gaineko kontrol eza" salatu dute, instituzioek errealitate hori ezkutatzeko darabiltzaten ahaleginak ahalegin. Irailaren 15eko greba deialdian esandakoa gogora ekarriz, "osasun bermeak egon ezean ezin dela hezkuntza presentzialarekin jarraitu" azpimarratu dute.


Gauzak horrela, dei egin diote langile klaseko ikasleriari datorren asteartean Euskal Herriko hainbat hezigunetan egingo dituzten kontzentrazioetara batzera. Askatasunen aldeko borrokan, antolakuntza komunistak "ezinbesteko garrantzia" hartuko duela nabarmendu du IAk.


HEZKUNTZAREN IZAERA KAPITALISTA


IAk behin eta berriz azaldu duenez, "hezkuntza instituzioak garrantzia handia dauka kapitalismoan". Pandemian zehar ikastetxeak irekita mantentzeko hautuan "erabakigarria" izan da horrek betetzen duten "kontziliazioaren funtzio soziala". Izan ere, mundu mailako osasun krisiaren aurrean, heziguneak "berme sanitario urriekin" zabalik mantentzen direla gogorarazi dute IAko militanteek. Horren funtsezko arrazoia agerian utzi dute: "Etekin ekonomikoa helburu bakar duen sisteman sostengaezina da heziguneak ixtea, gurasoek ezin baitituzte beraien seme-alabak zaintza gabe utzi lanera doazenean".


ESKUBIDEEN EZEZTAPEN SISTEMATIKOA


Horretaz gain, "berezkoak eta absolutuak diren eskubideen ezeztapen sistematikoa" ere salatu du IAk. Irizpide zientifiko eta sanitarioen ordez, "langileriarenganako dominazioa eta kontrola" ezarri direla nabarmendu du, hala. Debekatu dena "lan politiko eta militantea" izan dela diote, mobilizazio eskubidea eta biltzeko eskubidea adibide. Hain zuzen, ikasturte honen hasieran IAk abiatutako dinamikaren hiru exijentzietako bat "lan politikoa egiteko eskubidea bermatzea" zen.


Hori gutxi balitz, IAko kideek "larritzat" jo dute heziguneetan COVID-19aren hedapen eta kutsatze maila ezkutatzea, batik bat "egia eta informazio osoa" egon behar liratekeen unean. Dena den, IAren ustetan, "ez dira datu zehatzak behar gertatzen ari denaren berri izateko", hezkuntza sistemaren partaideak heziguneetako egoera errealaren jakitun baitira. Bertan "etengabeko kutsatze eta konfinamenduak" nagusitzen ari direla salatu dute.


DEIALDIAK


Hona hemen Ikasle Abertzaleakek datorren astearterako, azaroak 3, antolatu dituen elkarretaratzeak, Burgesiaren hezkuntza-kudeaketari ikasleok planto! aldarripean.


Gipuzkoa:

  • Hernani: 10:55ean Hernani BHI institutuko sarreran
  • Azpeitia: 12:00etan herriko plazan
  • Tolosa: 12:55ean Laskorain Ikastola kanpoan

Bizkaia:

  • Abadiño: 11:10ean institutuan
  • Durango: 11:40an institutuan
  • Lekeitio: 11:15ean Atean

Araba:

  • Gasteiz: 11:00etan Unamuno institutuan

Nafarroa:

  • Lizarra: 12:15ean
  • Iruñea: 11:00etan Alaitz BHI ikastetxe aurrean eta 14:00etan Iturraman

Campusak:

  • Leioa: 13:00etan Mikel Laboa plazan
  • Bilbo: 14:00etan San Mamesen
  • Gasteiz: 12:45ean Elurretan
  • Ibaeta: 13:30ean Aulariopean