Bizi-Baldintzen Inkestatik lortutako emaitzak argitaratu ditu Espainiako Estatistika Institutuak (INE, gaztelerazko sigletan), eta kezkagarriak dira pobrezia energetikoa delakoari buruzko datuak. 2023ko hilabeterik hotzenetan, Espainiako Estatuko etxeen %27,5etan pasatu dute hotza, batez beste.
Hego Euskal Herrian ere altuak dira batez besteko emaitzak. Nafarroan, %16,8 izan ziren 2023ko hilabete hotzetan etxea berotzeko aukerarik eduki ez zuten etxeak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina, %20,2 izan ziren; alegia, hamar etxetik bi.
Ehunekoek, beraz, nabarmen egin dute gora azken 11 urteetan. Izan ere, 2012tik hona, hirukoiztu egin da etxean tenperatura epel bat mantendu ezin dutenen kopurua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: %7,4 ziren 2012an eta, esan bezala, %20,2 dira orain. Nafarroan, aldiz, bikoiztu egin da ehunekoa: 2021an %7,7 ziren epel mantendu ezin ziren etxeak, eta %16,8 dira orain.
Tenperatura freskoak mantentzeko ezintasuna ere bai
Bestalde, eta kontrara, hilabeterik beroenetan etxean tenperatura freskoak bermatzeko aukerarik ez duten etxeak ere gero eta gehiago dira. Hotza pasatzen dutenen kopurua bezala, azken 11 urteetan, gora egin du udan beroa jasan behar dutenen etxe kopurua. Nafarroan %32,9 izan ziren joan den udan, baina %25 ziren 2012an. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %24,7 etxetan pasatu zuten beroa 2023an, 2012an %15 izan arren.
Nabarmena da, gainera, bizi-baldintzei lotutako gastuak gero eta pisutsuagoak direla langileriarentzat. Etxeen %25etan baino gehiagotan, karga oso handia dira hipotekaren, alokairuaren, argindarraren edota berokuntzaren kostuak.
Energia-enpresak aberasten
Gutxieneko bizi-baldintzak bermatzeko ezintasuna hedatzen ari den bitartean, langileriaren miseriaren kontura aberasten jarraitzen dute, besteak beste, energia-enpresek. Iberdrolak, adibidez, marka historikoak hausten jarraitzen du: inoizko emaitzarik onenak lortu zituen 2023an, eta bide beretik doa aurten. Berriki argitaratu ditu urteko lehen hiruhilekoari buruzko datuak, eta %86 igo dira bere irabaziak.