AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/06/09 11:09

Azkenean, ez da erretretaren erreforma indargabetzeari buruzko bozketarik izango Frantziako Asanblea Nazionalean, eta aurrera egingo du neurri sortak (nagusiki, erretiroa hartzeko adina 64 urtera atzeratzea jasotzen du). LIOT taldeak lege proposamen bat aurkeztu zuen, eta zuzenketa modura sartu zuen erretiro-adina 62 urtera itzultzea. Yael Braun-Pivet Asanbleako presidenteak, ordea, jakinarazi zuen ez zuela aldaketa hori onartuko, Konstituzioko 40. artikuluari helduta.

40. artikuluak dio posible dela, Asanbleako presidentearen ekimenez, lege proposamen bat ez eztabaidatzea, horrek gastu publikoa handitzen badu eta gastu horri aurre egiteko modurik ahalbidetzen ez badu. Hortaz, lege proposameneko lehen artikulua (erretiro-adina 62 urtean ezartzeari buruzkoa) bertan behera utzi zuen Braun-Pivetek, eta gainerako artikuluak jarri zituen eztabaidagai. Hori ikusita, eta esku-hartzearen helburu nagusia antzututa ikusita, LIOTek atzera bota du lege proposamena, eta ez da bozketarik izango.

Horrekin, eta bost hilabeteren ostean, bukatutzat eman daiteke erretretaren erreformak instituzioetan izan duen ibilbide korapilatsu eta gorabeheratsua, eta erretreta arautzeko neurri sorta berria inposatzea lortu du gobernuak. Izatez, erreforma onartuta dago jada ganberetan, 49.3 artikuluaren bidez.

Protestak, maldan behera

Erreformaren kontrako protesta indartsuak ere bost hilabetez luzatu dira Frantziako Estatuan, baina neurriak instituzioetan izan zezakeen ibilbidea agortzen joan ahala, behera egin dute mobilizazioek ere. Sindikatuek aurreko astearterako, ekainaren 14rako, antolatu zuten azken hilabeteetako hamalaugarren mobilizazio egun handia, eta orain arteko protestarik apalenak izan ziren parte-hartze aldetik.

Sindikatuak porrotaz hitz egiten hasiak dira jada. CFDT sindikatuko idazkari orokor Laurent Bergerrek esan du, "pentsioen auzian", asteartekoa izango dela "formatu horretan egingo den azken manifestazioa".


Irakurri hemen Minxer Etxeberrik auziari buruz idatzitako kolaborazio-testua: Sugarren berotasunetik errautsen hotzera

EZ DAGO IRUZKINIK