AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/13 09:17

Otsailaren bukaeran ireki zituzten Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxe berriko ateak. Zestoako Gazte Asanbladak bi urte baino gehiago daramatza Gaztetxea birkokatzeko borrokan, eta udalarekin nahiz Elizarekin irekitako elkarrizketa-mahaian, Gaztetxea herriko zentroko Elizondo eraikinera tokialdatzeko konpromisoa hartu zen duela urte eta erdi inguru. Hitzemandakoa, ordea, ez da bete oraindik, eta euren kabuz ekin behar izan zioten orduan Gazte Asanbladako kideek: Elizondo eraikina hartu zuten otsailean, Gaztetxea hara lekualdatzen zela ziurtatzeko.

Espazioa birjabetu bezain pronto saiatu ziren gazteak Elizarekin harremanetan jartzen, baina ez zuten erantzunik jaso. Kontrara, hitz egiteko inolako asmorik ez zuela erakutsi zuen Elizak: zuzenean aurkeztu zuen birjabetzearen kontrako salaketa bat Gipuzkoako gotzaitegiak, eta ordutik dago desalojo-arriskuan Zestoako Gaztetxe berria.

Salaketa horren emaitza modura, gainera, Zestoako Gazte Asanbladako kide bat epaituko dute laster, apirilaren 18an. Azpeitiko (Gipuzkoa) epaitegian izango da judizioa, eta hara bertaratzera deitu dute asanbladako kideek: elkarretaratze bat egingo dute epaitegi aurrean, asteartean, 10:45ean.

Horren aurretik ere izango da mobilizazio bat, Zestoan. Gaztetxeari nahiz epaitua izango den kideari babesa emateko, kontzentrazio bat egingo dute larunbat honetan, 13:30ean, herriko plazan.

EZ DAGO IRUZKINIK