AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/10/10 10:00

Iruñerriko (Nafarroa) Langile Autodefentsa Sareak abuztu erdialdean eman zuen Horno de la Estafeta tabernako lan-gatazkaren berri. Lantoki aurrean protestak egiteari ekin zion, langile ohi bati dirua zor baitzioten Alde Zaharreko negozioko nagusiek. Zehazki, Gabonetako aparteko ordainsariak, kitatze-agiriari lotutako ordainsariak nahiz 2022an zegozkion eta egin ez zituen jaiegunei lotutakoak zor zizkion enpresak, eta horiek ordain ziezazkiola exijitzeko hasi zuten borroka behargin ohiak eta LASek.

Nagusiei eskaera horiek egin zizkieten, baina zenbateko osoa ez ordaintzea erabaki zuten haiek, zati bat soilik ordaindu baitzioten; horregatik ekin zioten protestak egiteari. "Sarearen jarduna ez da etengo langileraren eskakizun guztiak bete arte", adierazi zuen LASek abuztuan.

Berriki jakinarazi du, ordea, lan-gatazka irabazi duela azkenean: behargin ohiari zor zion zenbateko osoa ordaindu dio enpresak. "Antolatutako elkartasunari esker, langilearen eskaera guztiak bete dira", nabarmendu dute LASeko kideek.

"Beste behin ere, langilea antolatu eta bakardadea eta ezintasuna gaindituz kolektiboki nagusien inpunitateari aitzina egitean, langilea errudun sentiaraziz erantzun dute haiek", salatu dute, baina: "Enpresariek biktimak bailiran jokatzen dute, pairatzen ditugun lan-baldintza miserableen erantzule bakarrak direnean". Seinalatu dute, gainera, gaur egun "pobretze orokorra" bizitzen ari dela langile klasea.

LASek azpimarratu du, dena den, "borrokak bere fruituak eman" dituela berriz ere. "Indartsuagoak izateko, lanbideetan zein horietatik at antolatzea ezinbestekoa da. Baina, aldi berean, harago joan behar gara, klase antolakundea eraikiz; arazo horiek guztiak sortzen dituen gizartea gainditu behar dugu", ondorioztatu du.

Hala, dei egin du "autodefentsa kolektiboa indartzeko sareak ehuntzera". "Segi dezagun elkarrekin egunero langile klase bezala ditugun oztopoei aurre egiten, nagusien inpunitateari aurre egiten", gaineratu du.

EZ DAGO IRUZKINIK