AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/30 11:58

Beste kaleratze bat izan da Iruñeko (Nafarroa) La Cuchara de Martin jatetxean, Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) jakinarazi duenez. "Duela aste batzuk salatu genuen La Cuchara de Martinek bere langileetako bat kaleratu zuela. Kasu horretan, kaleratzearen bidegabekeria onartzea eta kalte-ordainak handitzea lortu genuen", ekarri dute gogora LASeko kideek. Dena den, hori gertatzen zen bitartean, bigarren behargin bat bota dute kalera jatetxeko nagusiek; "berriro emakume migrante bat, tratamendu medikoa jasotzeko zain zegoela". 

Gainera, bertan lanean jardun duen denboran jasan dituen beste urraketa batzuk azaldu ditu LASek. Urtebetez baino gehiagoz, bere kategoria profesionalari dagokiona baino soldata txikiagoa kobratu du langileak, eta plus osagarri batzuk eta lan-ordu estrak kobratzea ukatu diote. Hori guztia dela-eta, LASek jatetxeari exijitu dio 14.000 euro ordain diezazkiola kaleratutako beharginari, atzerapenengatik.

LASek nabarmendu du "ezinbestekoa" dela "klase-batasuna", "enpresarien erasoen eta abusuen aurrean babesteko". Eta hori ostalaritzan are beharrezkoagoa dela uste du, "non enpresek erabateko inpunitatearekin jarduten duten, langile-klasearen sektore zaurgarrienez baliatuz"; "emakumeak, gazteak eta langile migranteak" kasu. Beraz, "enpresarien abusuen eta inpunitatearen" aurka, "klase-batasuna" izan du aldarri.

EZ DAGO IRUZKINIK